Igandean txirrindulariek hitzordu garrantzitsua dute Iturmendin. Gizonezkoek eta emakumezkoek. Izan ere, VII. Iturmendi Trofeoa jokatuko da, aldi berean Nafarroako eta Euskadiko Erlojupeko Txapelketa dena. Afizionatuen eta jubenilen mailan Nafarroako eta Euskadiko Txapelketa izango da Iturmendikoa eta kadeteen mailan, aldiz, Nafarroakoa. Hortaz, txirrindulariz beteko da Burundako herria, txapelketa garrantzitsua baita.
Etzi, goizeko 09:30etik aurrera
Afizionatuak izanen dira lehenengoak abiatzen. Goizeko 09:30ean hasiko dira lanean. Eliteak eta 23 urtez azpikoak, gizonezkoak eta emakumezkoak, banaka-banaka ekingo diote 14 km osatzeko lanari. Arbizuko industrialderaino iritsiko dira eta handik buelta hartu eta, atzera ere, Iturmendira helduko dira. Ondoren, 10:00etan jubenilen mailakoak hasiko dira. Hauek ere 14 kilometroko buelta egin beharko dute, afizionatuen buelta berbera. Azkenak kadeteak izango dira, 11:00etatik aurrera. Kasu honetan 10 kilometroko distantzia bete beharko dute. Kasu honetan, Etxarriraino iritsi eta hango errotondan hartuko dute buelta, Iturmendiraino.
Aurreko urtean, Iturmendiko Trofeoan, afizionatuetan Euskadi Fundazioko Diego Lopez (17:26) eta Bizkaia taldeko Lourdes Oiarbide (19:36) gailendu ziren; juniorren mailan Elproexeko Oier Lazkano (17:47) eta Sopelako Sara Martin (21:26) eta kadeteetan Quesos Albenizko Unai Aznar (13:29) eta Gipuzkoako Garazi Estevez (15:54).
Aurreko igandean, txikienak
Iturmendiko festetan, aurreko igandean, kategoria txikikoen Iturmendiko eskolen lasterketa jokatu zen, aldi berean Nafar Kirol Jolasendako baliagarria zen proba. Burunda eta Aralar klubeko txirrindulariak oso ongi ibili ziren.