Leitzako, Irurtzungo, Etxarri Aranazko eta Altsasuko eskualdeetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateek bat egin dute Zain dezagun festa, zaindu gaitezen festetan kanpainan. Irurtzungo prebentzio teknikari Iosune Zabalak azaldu digunez, “kontsumitu aurretik hausnarketa egiteko aukera ematea, eta ideia argi eta erabilgarriak gogoraraztea” da kanpainaren helburua. Asmo horiek zabaltzeko tabernetako, elkarteetako eta festetako herri bazkari-afarietan erabiliko den mahai-oihala egin dute.
“Asmoa da jendea bazkaltzeko edo afaltzeko mahaira eserita dagoela mahai-oihalean agertzen diren ideiez hizketatzea”, esan digu Lucia Gonzalez de Pedrosok, Etxarriko teknikariak. Plater azpian jarriko den oihal horrek hainbat denbora-pasa ditu, eta haiek egiten dituenak mezuak eta gomendioak jasoko ditu. Horretaz aparte QR kodea ere badago, informazio gehiago eskaintzen duena.
Gizarte Zerbitzuetatik mahai-oihalarekin sei mezu zabaldu nahi dituzte. Batetik, “kontua ez da alkohol eta droga kontsumoari uko egitea kasu guztietan, kontsumo horrek gure osasuna, lanpostua edo familia kaltetu gabe disfrutatzen ikastea baizik”. Bestetik, argi utzi nahi dute “droga kontsumoa inoiz ezin da eraso bat justifikatzeko aitzakia izan”. Gomendioa ere egin dute: “atera aurretik, zer festa mota nahi dugun pentsatu”. Eta ez da bakarra: “festetan errespetatu, zaindu zure burua eta disfrutatu!” Ardurarako deia egin dute ere: “alkohola edo beste droga batzuk kontsumitzen badituzu, ez hartu kotxea, Jaibusa edo zerbitzu publikoa erabili”. Azken aholku sorta bat ere jasotzen dute: “ez lukete alkoholik edan behar gidatu behar dutenek, haurdun daudenek edo bularra ematen ari direnek, adin txikikoek, botika hartzen ari direnek, arriskua dakarren lana dutenek edo arriskuzko makinak gidatzen dutenek”.
20 urtez
Aipatu lau Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak 1999tik ari dira elkarrekin udako prebentzio kanpaina antolatzen. Zabalak azaldu digunez, kanpainek hiru helburu dituzte: informazioa eskaintzea, kontzientzia sortzea eta sentsibilizazioa. Horri lotuta arriskuen murrizketa dago. Burunda mendebaldeko teknikari Eneka Irizarrek argitu digunez, “20 urtean hainbat gai jorratu ditugu, urtez urte adin jakin bati zuzenduz”. Kanpainan landu beharreko gaiak “ikusitako beharren arabera” aukeratzen dutela esan digu teknikariak, “elkarlanean, eta beste profesional batzuek (orientatzaileak, ludotekariak, gazte teknikariak,…) komentatutakoa kontuan izanda”. Jakina, aukeraketa egiterakoan “gizarte joerak eta ohiturak kontuan hartzen saiatzen gara. Besteak beste: kontsumoak orokorrean, alkohola, kanabisa, nahasketak, alkohola eta gidatzea, errespetua, tabakoa…”
Aurreko urteetan bezala, aurten ere uda hasieran, herrietako festekin batera jarri dute kanpaina martxan. “Udan festak direnez eta jendea kalean denbora gehiago egoten denez, orokorrean, kontsumitzeko aukera gehiago ditugu. Beraz, hausnarketarako momentu egokia dela pentsatzen dugu”, dio Zabalak. Orain arte kanpainak jendartean zabaltzeko erabili duten ohiko bidea posta bidezko bidalketa izan da. Batzuetan gazteei zuzendutakoa zen, beste batzuetan gazteei eta haien gurasoei. Gutuna zabaltzean kanpainako euskarriak eta azalpenak zituzten. Joan den urtea whatsapp bidez zabaldu zuten kanpaina. Aurten, berriz, mahaira esertzerakoan opatuko dugu.