Euskara akademia-hizkuntzatik harremanetarako hizkuntzara

Guaixe 2018ko uzt. 22a, 12:32
HAinbat ikasle Lanbide Heziketak sustatutako topaketa batean.

Ikasleek ikuspegia aldatzeko eta euskararen erabilera sustatzeko atsedenaldietan programa eginen da.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako atsedenaldietan haurren euskararen erabilera sustatzeko programa bat kudeatzeko laguntza teknikoa kontratatuko du. Patio garaian egindako esku-hartze horren bidez ikasleek euskara haien harremanetarako hizkuntza natural gisa hartzea bultzatu nahi da, bideratutako jolasen eta bestelakoen bidez. Hala, euskara akademia-hizkuntza baino gehiago dela azaldu nahi zaie.

Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetako ikasleei zuzenduta dago eta ibarreko 12 ikastetxeetako 47 talderekin eginen da otsailetik aurrera. Mank-ek urte baterako kontratua eman nahi du, gehienez ere lau urtera arte luzatu daitekeena. Kontratuaren urteko prezioa 15.000 eurokoa da (BEZ kanpo). Sakanako Mankomunitateak lana eskaintza onuragarrienari emanen dio kontratua. Interesa dutenek euren proposamenak hilaren 30eko 13:00ak arte aurkez ditzakete ibarreko erakundearen egoitzan.