Aralarko santutegiak igandero, 12:30ean, meza hartzen du. Igande honetakoa berezia izanen da, euren senideekin batera adin guztietako haur ugari izanen baitira. Izan ere, Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak 15. aldiz antolatu du haurrak Aralarko goiaingeruari aurkezteko ekitaldia, meza barruan eginen dena. Txikiek eta fededun guztiek mezaren akaberan aingerua gurtzeko aukera izanen dute. Hala familiek Aralarrekiko izan den lotura hori mantendu eta sustatu nahi dute kofradiatik. Izan ere, garai batean santutegiak makina bat bataio hartzen zituen, baina elizaren araudiak haur bakoitza bere parrokian bataioa hartzea ekarri zuen. Horren ordezko da igandeko ekitaldia.
Aurkezpenerako izena emanda daukaten haurrek akaberan pergamino eder bana jasoko dute. Hartan Aralarko goiaingeruaren lagun izendapena dute, eta hari egindako babes eskaera ere. Izena eman gabe igandean santutegira joaten direnek sakristian izen-abizenak eman beharko dituzte eta bi aste barru jasoko dituzte pergaminoak.