Eskola ibiltari bat Sakanan barna ibiliko da

Guaixe 2018ko uzt. 24a, 09:23
Eskola Ibiltariaren aurkezpena.

Ikasle Abertzaleak-ek eskola ibiltaria antolatu du "uda garaia aprobetxatu, eta ikasleok gure artean harremanak sendotu, ikasi eta disfrutatzeko" antolatu du. Bihar Irurtzundik abiatuko da eta Sakana 3 etapatan zeharkatuko dute eta Altsasun bukatu.

Ikasle Abertzaleak-en udako eskola ibiltaria Sakanan bueltan da. 2009an Lizarra eta Arbizu arteko ibilbidea egin zuten ikasleek. Aurten, berriz, 3 egunetan ibarra zeharkatuko dute Urrats bat marraztuz etorkizunean lelopean. "Kurtsoan hamaika borroken poderioz hainbat hezigune astindu ondoren" heldu da.

Antolatzaileek ekimenari hainbat helburu jarri dizkiote. Batetik, ikasturtean zehar landu diren hainbat tokiko borroka eta ildo elkarbanatu, komunean jarri eta horien inguruan hausnartu eta trebatzea. Eta, bestetik, udarako euskarazko aisialdi proposamena eskaintzea.

Eskola Ibiltariko parte-hartzaileek egunero, goizez, herrien arteko ibilaldiak eginen dituzte eta, behin bazkaldu ondoren egunero hitzaldi bat izanen dute, "trebatu, eztabaidatu eta hausnartzeko". Teoria praktikarekin uztartuko dute, hainbat tailer antolatu baitituzte egunero. Azken egunean, saio horiek bukatu ondoren kontzertu sorta zabalaz gozatzeko aukera izanen da.

Egitaraua
Garilak 25, asteazkena
10:00etan Harrera.
11:30ean Ibilaldia, Irurtzun-Uharte Arakil.
Bazkaria Uharte-Arakilen (etxetik eraman).
17:00etatik aurrera Dominazio kapitalista hezkuntzan hitzaldia. Hezkuntzak dominazio kapitalistaren baitan jokatzen duen papera aztertu eta eztabaidatuko dute.
Tailerrak:
· Ikasle elkartasun sareak. Ikasleen arteko elkartasuna praktikara eraman eta hainbat arazoren aurrean, erantzun kolektiboa emateko sareak hizpide izanen dituzte.
· Komunikazio politikoa. Nola komunikatu? Zein da gure hartzailea? Galdera hauei eta gehiagori erantzuna opatzen saiatuko dira.
· Plangintza.
· Gaiztakeria.
22:00etan Afaria.

Garilak 26, osteguna
08:30ean Gosaria.
09:15ean Ibilaldia, Uharte Arakil-Etxarri Aranatz.
14:00etan Bazkaria.
16:00etatik aurrera Feminismotik iraultza hitzaldia. Genero auzia ere aztergai, teoria eta praktika feministaren lanketa eta emakume langileek hezkuntzan jorratzen duten papera izanen dira hizpide
Tailerrak:
· Autodefentsa.
· Esperientzia lokaletatik ikasiz. Hainbat hezigunetan landu eta burutu diren borroken inguruan ariko dira Hernaniko, Laudioko, Eunateko eta abarreko kideekin.
· Okupazioa. Ikasturtean zehar ikasleen behar kolektiboei erantzuteko hainbat okupazio saiakera izan dira. Praktika hori aurrera eramateko gakoak emanen dituzte.
21:30ean Afaria.
22:30ean Gaueko hitzaldi berezia.
00:00etan Musika girotua, Erein.

Garilak 27, ostirala
08:30ean Gosaria.
09:15ean Ibilaldia, Etxarri Aranatz-Altsasu.
13:30ean Bazkaria.
15:30etik aurrera Erronka berriak, hezkuntza zer? hitzaldia.
Tailerrak:
· Margotzea.
· Informatika-segurtasuna. Gaur egungo jardun politikoan segurtasunaren garrantzia azpimarratu, eta praktikan jarriko dituzte informatika segurtasunaren inguruko hainbat gako.
· Ikasle presoak. Haien sostengurako taldeen eta ikasle preso ohi baten lekukotzak, kanpoko zein barruko esperientziak.
· Militantzia eredua birpentsatzen. Zein da praktikan jartzen dugun militantzia eredua?
21:00etan Kontzertuak, plazan: Kop, Bultz, Nafarroa 1512 eta Droga Purpura.
Gaztetxean: Eztanda, Katez, Niri Bortz eta MTR dj.

Garilak 28, larunbata
10:00etan Gosaria.
11:00etan Irteera autobusetan.