Martxan da taldeen arteko Bizkaiko Torneoa. Torneoan lau pilotariz osatutako 6 talde lehiatzen ari dira, hiru partidara. Tartean, Joanes Bakaikoa Oiz taldeko kidea da, buruz buru aritzeko; Sollube taldean Zabaletak Elezkano II.arekin osatzen du bikoa, binaka; Gorbeia taldean Martijak Altuna III.a du bidaide, binaka, eta Kolitza taldeko kidea da Ezkurdia, lau t’erdian.
Ostiralean lehen adarreko lehen final laurdena jokatu zuten Oiz eta Ganekogorta taldeek Arrigorriagan. Hiru partida zeuden jokoan –lau t’erdian, binaka eta buruz buru– eta Oiz taldea gailendu zen. Tartean, Joanes Bakaikoak 18 eta 10 irabazi zion Urretabizkaiari. Hortaz, Oiz talde irabazleak Anboto taldea izan zuen aurkari igandean Etxeberrin, Bizkaiko Torneoko finalerdietan. Kasu honetan Anboto taldeak irabazi zuen eta finalera sailkatzea lortu zuen. Arteaga II.ari (Oiz) 12 eta 18 irabazi zion Victorrek (Anboto) eta Artolak eta Albisuk (Anboto) 14 eta 22 irabazi zieten Olaizola II.ari eta Aretxabaletari (Oiz). Hirugarren partidan ez zegoen ezer jokoan, Anbotok aurreko bi partidak irabazi zituelako, baina hala ere bikain ibili zen Joanes Bakaikoa (Oiz) eta 18 eta 9 hartu zuen menpean Erasun (Anboto). Beraz, Anboto taldeak jokatuko du Bizkaiko Torneoko finala, abuztuaren 21ean, Bilboko Aste Nagusian.
Ezkurdia eta Zabaletaren taldeak finalagatik borrokan
Beste adarrean bigarren final laurdena jokatu zuten Barakaldon, igandean, Gorbeiak eta Kolitzak. Ezkurdiaren Kolitza izan zen jaun eta jabe, Martijaren Gorbeiaren kontra jokatutako hiru partidak irabazi baitzituen. Buruz buru P. Etxeberriari (Gorbeia) 11 eta 18 irabazi zion Dariok (Kolitza); binakakoan Altuna III.a eta Martija (Gorbeia) 16 tantotan utzi zituzten Irribarriak eta Rezustak (Kolitza); eta, bukatzeko, lau t´erdian Joseba Ezkurdiak (Kolitza) 6 eta 18 hartu zuen menpean Mendizabal III.a (Gorbeia). Hortaz, Kolitzak egin du aurrera torneoan eta garilaren 29an Zeanurin jokatuko den finalerdian Zabaletaren Sollube izango du aurkari.
Horrela, garilaren 29ko finalerdian buruz buru Ugalde (Sollube) eta Dario (Kolitza) lehiatuko dira, binaka Elezkano II.a-Zabaleta (Sollube) eta Irribarria-Rezusta (Kolitza); eta lau t’erdian Retegi (Sollube) eta Ezkurdia (Kolitza). Garaileak Bizkaiko torneoko finala jokatuko du abuztuaren 21ean Anboto taldearen kontra.