Urdiaingo triatloi festa

Guaixe 2018ko uzt. 24a, 13:21

Mank-ek antolatutako XVII. Sakanako Haur Triatloia hartu zuen Urdiaingo igerilekuak. Nafar Kirol Jolasetarako baliagarriak, Sakana Triatloi taldekoak bikain aritu ziren. Oihan Anduezak eta Mikel Arrizabalagak euren mailako probak irabazi zituzten

Urdiaingo igerilekuak atzera ere triatleten bilgune izan ziren. Sakanako Mankomunitateak antolatuta, larunbat goizean jokatu zen VII. Sakanako Haur Triatloia. Guztia behar bezala ateratzeko, Nafarroako Triatloi Federazioaren, Nafarroako Gobernuaren, Aitziber elkartearen eta Urdiaingo Udalaren laguntza izan zuen Mank-ek.

Urdiainen jokatutako proba Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarria zen eta aurretik 100 triatloi inguru zeuden izena emanda, tartean Sakana Triatloi Taldekoak eta egunotan Sakanako Triatloi Campusean parte hartzen ari diren neska-mutikoak, eta, azkenean, 90 partaide inguru izan zituen probak, 16 inguru sakandarrak. Sei mailatan jokatu zen Sakanako Haur Triatloia, maila bakoitzak bere adinari lotutako distantziekin. Helduenek ekin zioten probari eta txikienak izan ziren irteera hartzen azkenak. Probak jokatu bitartean ibilbidea zaindua, markatua eta trafikoari itxita egon zen.

Igeriketa segmentua Urdiaingo igerilekuetan jokatu zen, txirrindularitza segmentua Urriztin eta Saraben eta korrika segmentua Urriztin barna. Horrela, paraje zoragarrietan ibili ziren triatletak euren zaletasunaz gozatzen. Lokaztuta, baina ibilbidearen edertasuna goraipatu zuten guztiek. Aipatzekoa da sakandarrak oso txukun ibili zirela. Esaterako, aurrebenjaminetan Oihan Andueza gailendu en eta benjaminetan Mikel Arrizabalaga. Ane Iturrioz eta Ekain Imaz bigarrenak sailkatu ziren kimuetan, eta haurren mailan Nahia Imaz laugarrena eta Hegoi Lakuntza hirugarrena izan ziren.

Bukaeran triatleta guztiek antolakuntzak eskainitako ogitartekoarekin eta zukuarekin berreskuratu zituzten indarrak. Egun polita izan zen, eta guztia ongi ateratzeko Sakana Triatloi taldekoek egindako lana eskertu du Mank-ek.

Sakandarrak XVII. Sakanako Haur Triatloian
Aurrebenjaminak, neskak
1.Itziar Arrosagarai (Aranguren) 7:02

Aurrebenjaminak, mutilak
1.Oihan Andueza (Sak)    6:13
4.Unax Mendinueta (Sak)    6:58
5.Tasio Garcia (Sak)        7:15

Benjaminak, neskak
1.Eider Agirre (Ur Gazia)    8:41

Benjaminak, mutilak
1.Mikel Arrizabalaga (Sak)    8:30
2.Jon Ducar (Sak)        8:34
6.Beñat Andueza (Sak)    9:59
7.Eneko Razkin (Sak)        10:02

Kimuak, neskak
1.Ane Arrosagarai (Aranguren) 17:06
2.Ane Iturrioz (Sak)        18:17
6.Iraide Arrizabalaga (Sak)    19:41

Kimuak, mutilak
1.Aiert Mendioroz (Hiruki)    15:36
2.Ekain Imaz (Sak)        15:43
3.Alain Razkin (Sak)        16:04
5.Iker Gomez (Sak)        17:01
9.Oihan Gorriti (Sak)        19:00

Haurrak, neskak
1.Jennifer Lopez-Roso (Ur Gazia) 30:23
4.Nahia Imaz (Sak)        32:12

Haurrak, mutilak
1.Sergio Ajona (Antsoain)    28:59
3.Hegoi Lakuntza (Sak)    30:52
6.Iosu Mujika (Sak)        32:55

Kadeteak, neskak
1.Amaia Zudaire (Trikua)    57:44

Kadeteak, mutilak
1.Max Agirre (Trikua)    49:28

Juniorrak, emakumeak
1.Alba Escobar (Ur Gazia)    1:11:55

Juniorrak, gizonak
1.Alejandro Iturbide (Aranguren) 49:23