Foruzaingoak bi gizon atxilotu ditu

Guaixe 2018ko uzt. 25a, 15:32

Foruzaingoaren Altsasuko polizia-etxea.

Foru poliziak jakinarazi duenez, azken egunetan bi pertsona atxilotu dituzte Sakanan. Haietako bat Altsasuko zerbitzu gune batean izan zen. Foruzainak aurreko egun batean gertatutakoa ikertzeko informazio bila jo zuten hara. Arduradunarekin hitz egiten ari zirela pertsona batek hainbatetan eten zituen. Agenteak eta haiek egiten duten lana iraindu zituen. Foruzainetako batek jarrera hori uzteko eskatu zion, baina 38 urteko gizonezkoak agentea jotzen saiatu zen hainbatetan. Horregatik, atxilotu egin zuten.

Beste atxiloketa Irurtzunen izan zen. Antza, 53 urteko gizona taberna batean zegoen eta bezeroei begirunea galdu zien. Jabeak Foruzaingora hots egin zuen eta agenteek tabernatik ateratzea lortu zuten, “nahiz eta jarrera erasokorra, desobedientea eta temosoa izan”. Foruzainek gizonari jakinarazi zioten berriro tabernara sartuz gero atxilotu eginen zutela. Antza, gizonezkoak ez zien jaramonik egin eta kanpoko aldean beste pertsona batekin liskarra izan omen zuen. Foruzaingoak jakinarazi duenez, gizonezkoak foruzainei aurre egin zien atxilotzerakoan. Desordena publikoak, erresistentzia eta desobedientzia delituak egotzi dizkiote.