Ederbideako UGEPS onartu du Nafarroako Gobernuak

Guaixe 2018ko uzt. 26a, 08:27

Ederbidea proiektuak hartzen dituen bizikleta ibilbideak.

Doneztebe eta Irurtzun arteko bizikleta ibilbidea mugaz haraindiko Ederbidea proiektuan dago.

Nafarroako Gobernuak Doneztebe eta Irurtzun arteko bizikleta ibilbidearen Udalez gaindiko Eragineko Proiektu Sektoriala (UGEPS) onartu zuen atzoko bileran.  Bidasoako eta Plazaolako bide berdeak lotuko ditu ibilbide horrek. Baina proiektu handiago baten zati ere bada, mugaz haraindiko Ederbidearena. Horren helburua da Iruñea, Donostia eta Baiona lotzea 240 km-ko bizikleta-bidearen bitartez, eta bizikleta erabiltzea sustatzea bai turismo eta aisiarako, bai eguneroko joan-etorrietarako. Etorkizunean Sakana zeharkatuko duen Donejakue bidearekin bat eginen du. Bestalde, Europa guztia zeharkatzen duen Eurovelo ibilbide sarearen zati izanen da.

Gobernuak onartu zuen UGEPS proiektuak 52 km-ko ibilbidea hartzen du eta honako udalerriak zeharkatzen ditu: Doneztebe, Donamaria, Oiz, Urroz, Beintza-Labaien, Saldias, Basaburua, Imotz (Plazaolako bide berdearekin konektatzen du Latasan), Arakil eta Irurtzun. Ibilbidearen % 77an baino gehiagoan eguneko 1.000 ibilgailu baino gutxiago pasatzen dira, gainerakoa pistak eta bideak dira.