Altsasuko Gazteria Zerbitzuak antolatutako Gu Geu Gazte programaren barruan "kale artea" ikastaroa egin zuten. Kale arteak bi helburu ditu: alde batetik, aniztasun funtzionala duten gazteen partaidetza bultzatzea eta, bestetik, haien sexualitatea ikustaraztea. "Izaki guztiak bezala sexudunak eta erotikoak ere badira", azaldu du Blanki Torres Gazteria teknikaria.
Ortzadarraren ikurra sexu aniztasunaren ikurra da, hortaz, ikono hori erabili dute "nork bere sexualitatea eta sexu orientazioa bizitzeko modu propioa duela" aldarrikatzeko. Artelana egiteko lekua ere aproposa da Torresek azaldu duenez: "herriko erdigunea aukeratu dugu bistan izateko mezu hori".
Ortzadarrak udaletxe pareko kalean dauden sei eserlekuetan margotu dituzte hainbat gaztek. Itziar Nazabal artista izan da ikastaroaren zuzendaria eta irakaslea. Nazabalentzat herriari kolorea emateko proposamen "oso polita" izan zen. Gainera, aldarrikatzen duen mezua "garrantzitsua" dela adierazi du: "bada garaia gure artean elkar errespetatzeko. Denok gaude mundu honetan".
Ikastaroan une politak izan direla eta disfrutatuz egin dutela adierazi du Nazabalek. "Edozein proiektu egiteak betetzen zaitu, baina gainera kale-artea izatea eta norberaren herrirako izatea oso polita da".