Igandean despedituko da Frantziako Tourra, Parisen. Aurretik bi etapa polita gelditzen dira. Ostiralean Pirinioetako azken etapa jokatuko da, Lourdesen hasi eta Larunsen despeditzen dena, goi- mendikoa, 6 porturekin, eta larunbatean Senpere eta Ezpeleta arteko 31 km-ko erlojupekoa. Atzo esprinterrendako aproposa den etapa laua jokatu zen, Trie-Sur-Bäise eta Pabe artean (171 km), eta Guaixeko erredakzioa ixterakoan oraindik ez genuen gertatutakoaren berri. Hala ere, ez zen aldaketa handirik espero. Atzoko etapari ekin baino lehen, Thomas Geraint (Sky) zen liderra (70:34:11), Tom Doumolini 1:59 eta bere taldekide Chris Froomeri 2:31 denborako tartea aterata. Skyko lider berria da Thomas, Froome baino hobeto dabilela erakutsi du eta ikusiko dugu zer emango duten azken etapek. Gorka Izagirre 28.a da, 43:14ra, eta Imanol Erbiti Tour bikaina egiten ari da eta 78.a da, 2:12:51ra.
Pirinioetan makina bat lan egin behar izan dute gure txirrindulariek. Asteartean Bagnères de Luchonen despeditutako etapan garaipenagatik borrokatu zuen Gorka Izagirrek, baina Alaphilippe gailendu zitzaion. Eta Carcassonnen despeditutako igandeko etapan Imanol Erbiti eguneko ihesaldian sartu zen.
Egunotan makina bat sakandar dabiltza Tourra jarraitzen eta asteburuan ere makina bat bertaratuko dira, Pirinioetan eta Euskal Herrian ibiliko baita Tourra.
“You are in the Basque Country” aldarrikatuko dute Senpere-Ezpeletan
Larunbatean Tourreko erlojupekoak Senpere eta Ezpeleta batuko ditu. Antolakuntzatik garaiz bertaratzeko gomendioa luzatu dute, eta ezingo dira autoak galtzadan aparkatu. Tourra Euskal Herritik pasatzen dela aprobetxatuz, ibilbide guztian barna aldarrikapena egitera deitu dute “You are in the Basque Country” lelopean. “Euskal herritarrak garela eta gure buruaren jabe izango garela plazaratuko dugu munduan barna Tourra zabaltzen duten 78 telebista kate horiek ematen duten seinaleen bidez. Jai mundiala antolatuko dugu. Ustaritzetik Zuraidera bidean, Larresoron, 6 hektareako larre bat lortu dugu eta jai-gune bat muntatu dugu bertan: pantaila handia, txoznak, puzgarriak, oholtza, zerbitzuak… izango dira bertan. Eta 12:00etan giza mosaikoa egingo dugu, GPS irudia, munduan barna mezu hori zabaltzeko, nazio bat garela. Bide bazterrak gure kolorez jartzeko deia egiten dugu, ikurriñak eta “You are in the Basque Country” kartelak” adierazi dute antolatzaileek. Giza mosaikoa osatzeko goizeko 11:00etarako jai-gunean egotea eskatu dute antolatzaileek.