Aralarko santutegian elizkizun berezia izan zen atzokoa. Fededunek euren seme-alabak edo ilobak Aralarko aingeruari aurkezteko eguna zen. Belaunaldi berriek santutegiarekin eta bertako aingeruarekin harremana sustatzeko ekimen hori Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren kofradiak antolatu zuen. Mendiaren inguruko eskualdeetatik, Iruñerritik eta beste hainbat tokitatik joandako ume eta helduak elkartu ziren santutegian. Mikel Garziandiak eman zuen elizkizunean zehar txikien negarren bat entzun bazen ere, kontu gutxi izan zen. Akaberan bildutako guztiek aingeruaren irudia gurtzeko aukera izan zuten.
Gero, sakristian, aurretik izena emanda zeuden haurrek euren izen-abizenak zituen pergaminoa jaso zuten, aurreko 14 edizioetan bezala. Haietan irakur daitekeenez, gurasoek txikia Aralarko aingeruari aurkezten diote bizi guztirako babesa eskatzeko eta, horregatik, Aralarko Kofradiak San Migel goiaingeruaren lagun izendatzen du. “Mikel gurea zaindu betirako zure adiskidea” irakur daiteke pergaminoan. Zuzenean aurkezpenera aurkeztu zirenek bi aste barru jasoko dute.