Aurrerapen iraultzaile bat ekarriko dizuet gaur, begi onez ikusiko ez duzuela jakin arren. Sobera ikasia daukat jada munduaren aldaketa bizkorrak zailak direla onartzen, eta ekarri dizuedan berrikuntza oso zentzuduna den arren, mesfidatiak zarete, tradizionalak. Horregatik zuen konfiantzaren muturtxo bat eskatzen dizuet soilik: oroitu proposamenak ez direla lege, eta agian gaur ulertzen ez duzuena, bihar natural irentsiko duzue.
Oso barneratua dugu oraindik izenak ematearen ohitura. Pentsaezina egiten zaigu izenik gabe bizitzea: argi dago zu Miren eta bestea Olaia izateak elkarrizketa errazten duela. Ez naiz, beraz, izenen aurka ipiniko, ez: haien osagaiek larritzen naute ni. Eta badakit, zuen amona Felisa eta zuen aitona Joaquín izanda, ez zaidala erraza egingo zuen pentsaera aldatzea. Sentimentalki izenei lotuak gaude eta horrexegatik gaude gaur horren zahartuak. Eta hala ere, zuen arbasoen izenak ekartzean antzemango duzue zenbat aldatu zaizkigun belaunaldietan zehar. Azken batean, izenak arbitrarioak dira guztiz, eta horrela izanda, burutsua litzateke malguagoak izatea.
Garaia da, beraz, gure beldurrak ahaztu eta gure izen zahartuen aurka egiteko. Ez al duzue ikusten garai galdu baten aztarna direla? Antiekonomikoak dira, beti errepikatzen dira eta gaizki ulertuetara gidatzen gaituzte.
Izan gaitezen ausartak: dei diezaiegun behingoz gure seme-alabei haien telefono zenbakiekin. Badakit hasiera batean batzuei korapilatsua egingo zaizuela horrenbeste zenbaki oroitzearen lana, baina gogoan izan milaka pasahitz buruz ikasi dituzuela jada.
Eta mugikorren zabaltzea onartu nahi ez duzuenok, ez zaitezte hipokritak izan, maiz ikusi zaituztet ezkutatzen selfiak ateratzeko, aspaldian komunetan apaintzeko gordetzen zineten moduan. Eta horregatik erortzen zaizkizue egunero ehunka, milaka, milioika mugikor munduko komun- ontzietara.
Eta hala ere, ez pentsa jokaera hori leporatzen ari naizenik, naturala da esperoan gaudela mugikorrari begiratzea: ekitaldietara sartzeko esperoan, pelikula amaitzeko esperoan, aurrez aurre daukagun pertsonak zer edo zer interesgarria esateko esperoan, kaka egiteko esperoan, hiltzeko esperoan... Beharrezkoa dugu bitartean, ez aspertzearren, norbaitek konpainia egitea telefonoaren bestaldetik: bertatik helduko zaizkigu beti berririk garrantzitsuenak, maitasun hitzak, augurioak eta profeziak.
Horrela izanda ez al dirudi gure izenak aldatzeko garaia? Gaurtik aurrera nire izena 682306062 izanen da eta deitzen didazuenean ziurtasunez erantzungo dizuet, beste Mar guztiei deika ari zaretela pentsatu gabe.