AHTaren kontrako bizikleta martxa Sakanatik pasako da

Guaixe 2018ko uzt. 27a, 11:56

AHTren kontrako bizikleta martxako tropela. Argazkia: www.ahotsa.info

Sakana Trenaren Alde plataformak ibarrean eginen diren ekintzetan parte hartzeko deia egin du.

AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako Abiadura Handiko tren korridorearen kontrako bizikleta martxa antolatu du. Atzo Martzillatik abiatu zen eta 29an, igandean, Altsasun bukatuko da. Azken etapa, beraz, Irurtzun eta Altsasu artekoa da. Sakana Trenaren Alde plataformak martxan parte hartzeko deia egin du "AHTak Nafarroako korridorearen sortuko dituen kalteak salatzeko".

Trenaren alde
Sakana Trenaren Alde plataformak bat egin du AHTaren aurka egiten ari den bizikleta martxarekin. Sakanan eginen den etapan eta ekimenetan parte hartzeko deia egin du plataformak. "Sakanatik pasatzen dela baliatu nahi dugu eskualdean egungo trenaren hobekuntza eta eguneraketa aldarrikatzeko". Plataformaren iritziz Abiadura Handiko Trena egin beharrean gaur egun dauden azpiegiturak berritu behar dira. "Beste bat eraiki gabe".

Bizikleta martxarekin batera AHTaren kontrako hainbat ekimen antolatu dituzte Sakanako hainbat herritan. Bizikleta martxa Irurtzunera 19:00etan iritsiko da eta han afalduko dute txirrindulariek. Ondoren, Mucha Mierda taldearen kontzertua izanen da Barazkigune karpan. Igandean goizean abiatuko dira, eta 12:00etan Etxarri Aranatzen AHTaren aurkako monolitoa mustuko dute. Iturmendin bazkaltzeko geldiunea eginen dute eta Ziordiraino joanen dira.

Ziordian Arabako zutabearekin bat eginen dute. Bertan Amarauna proiektuaren aurkezpena eginen dute ere. Martxa Altsasun amaituko da.

Egitaraua
Garilak 27, ostirala. Tafalla-Iruñea, 46 km.
09:30ean Tafallatik irteera.
10:00etan Puiu.
11:00etan Garinoain-Barasoain.
13:30ean Biurrun. Bazkalostean, Nafarroako Energia Planari buruzko Sustrai Fundazioaren hitzaldia.
16:00ean Biurrundik irteera.
16:45ean Beriain.
17:00etan Getze.
18:30ean Iruñea.
21:00etan Maravillas gaztetxean kontzertua: De Viaje. Ondoren afaria.

Garilak 28, larunbata. Iruñea-Irurtzun, 43 km.
09:30. Maravillas gaztetxetik irteera.
09:45ean Piparrika hiri baratzea.
10:15ean Etxabakoitz.
11:00etan Barañain.
11:30ean Donibane.
12:00ean Sanduzelaiko tren geltokia.
13:00etan Berriozar.
13:30ean Arazuri. Bazkaldu ondoren AHTaren aurkako borrokaren inguruko dinamika.
16:00etan Arazuritik irteera.
19:00etan Irurtzun. Afaldu ondoren, kontzertua: Mucha mierda.

Garilak 29, igandea. Irurtzun-Altsasu, 53 km.
09:30ean Irurtzundik irteera.
10:30ean Hiriberri.
11:00etan Uharte Arakil.
11:30ean Lakuntza.
12:00etan Etxarri Aranatz. AHTaren aurkako monolitoaren mustutzea.
13:00etan Bakaiku.
13:15ean Iturmendi. Bazkaria.
15:00etan Iturmenditik irteera.
15:15ean Urdiain.
15:45ean Olatzagutia.
16:00ean Ziordia. Arabako zutabearekin bat egitea. Amarauna proiektuaren aurkezpena.
17:30ean Altsasu.
18:00. Akabera ekitaldia.