Joseba Ezkurdiaren Kolitza taldeak sekulako erakustaldia eman zuen igandean Zeanurin. Taldeka jokatzen ari den Bizkaiko Torneoko finalerdia zegoen jokoan eta Kolitza eta Sollube taldeak aritu ziren elkarren kontra. Kolitzan, Dario aritu zen buruz buru, Irribarria eta Rezusta binaka eta Ezkurdia lau t´erdian. Aldiz, Sollubeko ordezkariak honakoak izan ziren: Ugalde buruz buru, Elezkano II.a eta Zabaleta binaka eta Retegi Bi lau t’erdian. Kolitzakoak jaun eta jabe izan ziren eta jokoan zeuden hiru partidak irabazi ondoren, abuztuaren 21ean Bilbon jokatuko den final handirako sailkatu ziren. Anboto izanen dute aurkari finalean (Erasun buruz buru, Urrutikoetxea-Albisu binaka eta Victor kaiolan).
Kolitzako Dariok sekulako erakustaldia eman zuen eta buruz burukoan 18 eta 1 irabazi zion Sollubeko Ugalderi. Binakako partidan Irribarriak eta Rezustak ordezkatu zuten Kolitza eta Elezkano II.ak eta Zabaletak Sollube. Igandekoa ez zen Sollubekoen eguna izan eta Irribarriak eta Rezustak 6 tanto eskasetan utzi zituzten Elezkano II.a eta Zabaleta. Hortaz, hiru partidatik bi irabazita, finalerako txartela eskuratu zuen Kolitzak. Hirugarren partidan, lau t’erdikoan, ez zegoen ezer jokoan baina Joseba Ezkurdiak eta Retegi Bik dena eman zuten eta arbizuarrak 18 eta 15 irabazi zion Retegi Biri. Festa ederra ospatu zuten Kolitzakoek.