Despeditu da. Uztaileko arratsaldeak girotu dituen Frantziako Tourra igandean despeditu zen, Pariseko Eliseoko Zelaietan. Azken etapako esprintean UAE taldeko Alexander Kristoff izan zen azkarrena eta ondoren sari ematea hartu zuen Garaipen-arkuak. Sky taldeko Geraint Thomas igo zen podiumeko gorenera (83:17:13), alboan Tom Dumoulin (Sunweb, 1:51ra) eta Chris Froome (2:24ra) zituela. Ikusgarria izan da Sky taldeak Tourrean egindako lana.
Gure txirrindulariei dagokionez, Baharain Merida taldeko Gorka Izagirre 24.a sailkatu da, 50:02era, eta Movistar Team taldeko Imanol Erbiti 77.a, 2:47:46ra. Izagirreren taldeko liderrak, Vincenzo Nibalik, Alpe d’Huezen bengalen kearen ondorioz izandako erorikoagatik Tourra utzi beharrak oso ukitua utzi zuen Baharain Merida taldea, baina hala ere Gorka Izagirre Pirinioetan etapa garaipena lortzen saiatu zen eta bigarrena izan zen Bagnères de Luchonen, Alaphilipperen atzetik. Bere aldetik, Imanol Erbiti beste behin Movistar Teameko ezkutari fidel eta preziatuenetakoa izan da. Galtzadarrien etapan erorikoa izan zuen Mikel Landa infernutik atera eta helmugara eraman zuen txintxo-txintxo, eta bere taldeburuendako sekulako lana egin du. Sailkapen orokorrean zazpigarrena sailklatu da Mikel Landa, 7:37ra, lehen euskalduna, eta 10.a izan da Nairo Quintana, 14:18ra. Sasoi betean dago Hiriberriko txirrindularia, eta merezitakoa du Movistar Team taldeak Tourrean lortu duen saria: Tourreko talde onenarena, hain zuzen. Taldekideekin Garaipen-arkuko oholtzara igo zen Erbiti eta baita taldeko zuzendari Jose Luis Arrieta ere.
Euskal Herriaren aldeko aldarrikapena, ozen
Ostiralean Pirinioetako etapa ikusgarria jokatu zen, Tourmaleta tarteko, eta larunbatean erlojupekoa, Senpere eta Ezpeleta artean. Urtero zale euskaldun ugari biltzen dira Pirinioetako etapak jarraitzera, baina larunbatean Euskal Herriko lurrean jokatutako etapa kontuan hartuta, txoko hori Euskal Herria dela argi eta garbi erakutsi nahi izan zuten bertan bildutako milaka euskal zaleek, tartean sakandarrek. “You are in the Basque Country” leloz jositako kartelak eta ikurriñak izan ziren nagusi erlojupekoan eta Pirinioetako etapetan. Horretaz gain, Larresoron jai-gunea jarri zen eta giza mosaikoa egin zen. Bikain animatu zuten zale euskaldunek, beti bezala, eta gure zaleen bikaintasuna nabarmendu zuten txirrindulariek eta Tourreko arduradunek.