Tren azkarraren kontra, tren sozialaren alde

Guaixe 2018ko uzt. 31a, 10:20

AHT Gelditu! Elkarlanak antolatutako bizikleta martxak Abiadura Handiko Trenaren kontrako mezua zabaldu du ibarrean.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako Martzilla eta Altsasu arteko martxa igandean despeditu zen. AHTak Nafarroan eginen lukeen ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen tropelak. Aldi berean, herrietan geldialdiak egin zituzten, “biztanleak entzuteko eta kontra egotera bultzatzen gaituzten arrazoiak ezagutarazteko”.

Antolatzaileek “mundua errentagarritasun bilakatu beharreko lehengaitzat jotzen duen ikusmoldea” salatu zuten, “lurraren eta gizakiaren arteko oreka txikitu eta pertsonak berak ustiagarri edo baztergarri” bihurtzen dituelako. Lanak lau urtez geldirik egon ondoren Alesves eta Tafalla artean hasi daitezkeela nabarmendu zuten ere. Beste behin ere herrien eta herritarren zerbitzura egonen den tren soziala aldarrikatu zuten.

Sakanan
Aldarrikapen tropela Oskiako harratetik sartu zen Sakanan, hirugarren etapari Irurtzunen despedida emateko. Han afaldu ondoren, kontzertua izan zen. Hurrengo egunean Irurtzundik abiatu zen eta ibar guztia zeharkatu zuen. Igandea zela eta eguraldi ona zegoela baliatuta, goizean adin guztietako makina bat arakildarrek bat egin zuten AHTaren kontrako bizikleta martxarekin.

Lakuntzan atseden hartu eta gosaldu ondoren, Etxarri Aranazko bidea hartu zuten. Igerilekuaren ondoan, “oinezko askok naturaz gozatzeko darabilten bidearen ertzean”, AHTaren kontrako monolitoa mustu zuten. Irurtzungo, Arakilgo eta Etxarri Aranazko udal ordezkariak horren lekuko izan ziren. Aurreskua dantzatu zuten. Sakana Trenaren Alde eta AHT Gelditu”Ekarlaneko kideek eta udalen izenean Etxarri Aranazko ordezkariak tren azkarraren kontrako jarrera berretsi eta ohiko trenaren aldeko konpromisoa aldarrikatu zuten. Errepidera bueltan, hurrengo geldialdia Aritzalko basoan egin zuten, “AHTak eraginen lukeen txikizioa ikusteko. Izan ere, Aralar eta Urbasaren arteko faunaren natur pasabidea guztiz kaltetuko luke”. Bakaikuko festetan ere geldialdia egin zuten, herritarrei informazioa zabaltzeko.

Iturmendiko Aitzkozar elkartean bazkaldu ondoren tropelak Ziordirantz jo zuen. Han Araba zeharkatu zuen taldearekin bat egin zuen. Amarauna gune autogestionatua ezagutu ondoren, tropelak helmugarako bidea hartu zuen. Altsasun barna itzulia egin ondoren, Foru plazan akabera ekitaldia egin zuten.

Zozketatutako bizikleta Araba aldera joan zen.