Ostiraletik igandera kadeteen mailako VII. Txuma Memoriala jokatu da Bizkaian, Nazioarteko Hiru Egunak izenarekin ere ezaguna den proba prestigiotsua. Bertan Nafarroako kadeteen selekzioa aritu da, sei kidez osatutako taldea. Sei kide horietatik lau Sakanako taldeetan aritzen diren txirrindulariak dira: Iker Mintegi, Igor Arrieta eta Hugo eta Unai Aznar. Haiei Iker Seminario eta Jon Jurio batu zitzaizkien.
Nafarroako selekzioak primerako lana egin du. Bigarren etapan Iker Mintegik ihes egin zuen baina etapa bukaeran beste bi txirrindularik aurreratu zioten. Hala ere, Altsasukoa sailkapen orokorrean bigarrena kokatu zen. Hirugarren etapan arerioek begi zorrotzez zaindu zuten Iker Mintegi eta ez zuen erasorik egiteko aukerarik izan. Igor Arrietak, aldiz, ihes egiteko aukera izan zuen eta hirugarren etapa irabazi zuen eta, horretaz gain, Txuma Memorialeko mendiko sailkapena irabaztea lortu zuen uhartearrak. Iker Mintegi Txuma Memorialeko txapeldunordea izan da, Academy taldeko Migel Angel Mera txapeldunetik 23 segundora eta probako lehen euskalduna, eta Nafarroako selekzioa probako talderik onena.
Sailkapen orokorrean, Iker Mintegi bigarrena, Hugo Aznar zortzigarrena, Igor Arrieta 30.a eta Unai Aznar 35.a sailkatu ziren.