Igandean Comapedrosa Skyrace mendi lasterketa gogor eta ezaguna jokatu zen Andorran, Arinsalen, 21 km eta 2.300 metroko desnibel positiboa duen proba ikusgarria, tartean Comapedrosa gaina (2.942 m) gainditu beharrekoa. Proba Skyrunner World Series edo Munduko Txapelketarako baliagarria da eta munduko mendi korrikalari onenak bildu ziren, Kilian Jornet handia tartean.
Beroak are gehiago gogortu zuen proba. 600 korrikalari baino gehiago aritu ziren, munduko onenak tartean, baina ez zen sorpresarik egon eta Jornetek irabazi zuen lasterketa. La Cerdanyako korrikalaria hasieratik aurrean ibili zen, eta Pic de les Fonts igo (2.748 m) eta Pla de lÉstanyra jaitsi eta gero, 10. kilometroan sekulako erasoa jo zuen eta inork ez zion jarraitu. Hegan egin zuen Jornetek, Comapedrosa (2.942 m) igotzen sekulako erakustaldia eman zuen eta Comapedrosako probako errekorra apurtu zuen (2:33:18). Peronean izandako haustura guztiz osatua duela argi geratu zen, hilabete hasieran Mont Blanceko maratoia irabazi baitzuen eta duela aste eskas bat Bob Graham Round lasterketan errekorra apurtu baitzuen. Pascal Egli suitzarrari hiru minutu (2:36:29) eta Petter Engdahl suediarrari sei minutu (2:39:12) atera zizkien Jornetek. Emakumezkoetan Lina El Kott Helander suitzarrak irabazi zuen (3:03:07)
Katarain, 13.a eta lehen euskalduna
Beñat Katarain Euskadiko selekzioarekin aritu zen eta aipatzekoa da ikusgarri aritu zela. Aurreko urtean Comapedrosan egindako denbora (3:12:18) ia 15 minututan hobetu zuen Zegaman bizi den lakuntzarrak eta 13.a sailkatu zen Comapedrosan, probako jokalari handienekin batera (2:55:35). Euskal Selekzioko kideen artean lehena izan zen lakuntzarra, probako lehen euskalduna. Ikusgarria benetan.
Eta bikain aritu zen bestea Jose Luis Beraza izan zen. Uharte Arakilgo korrikalaria 55.a sailkatu zen Comapedrosan (3:15:59) eta probako lehen masterra izan zen. Horrela, podiumera igo zen Beraza.