Ur tailerren eskaintza freskagarria

Guaixe 2018ko uzt. 31a, 12:09
Haurrak Etxarrengo festetan zezensuzkoaren aurrean korrika. Artxiboa.

Bihar Ihabarren eta etzi Etxarrenen, 11:00etan, izanen dira.

Tenperatura handiak daudenetan ura baino gauza freskagarriagorik? Gutxi. Hala pentsatu dute Arakilgo Udalaren Kultura Sailean eta ur tailerren eskaintza prestatu dute. Ur tailerrak jolas eta esperimentu dibertigarriez osatuta daude eta haien helburua urak egiten duen bidaia ulertzea da. Hala, freskatu bitartean, kontsumoa, arazketa eta jasangarritasuna landuko dituzte.

Bai Ihabarren bihar, bai Etxarrenen etzi, bi tailer izanen dira. Lehena, 3 eta 6 urte bitarteko haurrendako izanen da, Garbi dezagun ura izenekoa. Bigarrena, berriz, 7 eta 12 urtekoei zuzenduta dago eta Jarrai dezagun ura izenburua du. Arakil Kulturaren eskaintza gaur, 22:00etan Aizkorben izanen den Señor, dame paciencia filmaren emanaldiarekin osatzen da.