Kirol begiraleendako TELP tailerra antolatu dute

Guaixe 2018ko uzt. 31a, 13:41

Irailaren 7an eta 8an izanen da, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. Irailaren 4ra arte eman daiteke izena

Sakanako Mankomunitateko euskara eta kirol zerbitzuek TELP tailerra (Taller d’Espai Lingüistic Personal) antolatu dute irailaren 7an eta 8an Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean. Tailer hau Valentzian sortu zuten Ferran Suay eta Gemma Sangines psikologoek eta Gema Sangines bera izango da Altsasuko tailerra gidatuko duena.

Tailerra kirol begiraleei dago zuzendua eta helburua da euskaraz lan egiten dutenean maiz sentitzen duten deserosotasuna murriztea. Tailerra Kirola Euskaraz egitasmoaren barruan dago kokatuta, euskararen erabilera bulkatzeko Mank-eko euskara eta kirol zerbitzuek 2013an abian jarritakoa. Nahiz eta kirol begiraleen artean geroz eta gehiago diren euskaldunak, erabilera oso motel doa gora.

Matrikula, irailaren 4ra bitartean
Irailaren 7an, 15:00etatik 19:00etara eta irailaren 8an, 09:30etik 12:30era izanen da ikastaroa. Matrikulak 20 euro balio du, baina ikastaro osoa eginez gero, dirua bueltatuko da. Izena ematea zabalik dago irailaren 4ra arte (euskara@sakana-mank.eus, kirolak@sakana-mank.eus edo 948 464 866 edo 948 464 840).