Amets, Arte Martzialen Euskal Taldeen Sareak, udan yoseikanpaldia antolatzen du, yoseikan budo arte martziala eta udako kanpaldia lotzen dituen ekimena. Aurten Ziordiko Amarauna izan zen yoseikanpaldiaren egoitza uztailaren 13tik 15era, eta bertan 60 neska-mutikok hartu zuten parte. Gehienak Sakanakoak eta Iruñerrikoak ziren, baina baita Iparraldeko Bidaxure, Izura edo Pagolatik etorritakoak ere. Guztia behar bezala antolatzen 5 monitore, 5 sukaldari-garbitzaile eta 3 yoseikan budo irakasle ibili ziren. Yoseikan budo klaseak, herri kirolak eta talde jolasak egiteaz gain, Ziordiko igerilekuetara eta Lezera txangoa egin zuten.