Richard Lesterren esanetara Sean Conneryk eta Audrey Hepburnek Robinen eta Mariaren paperak jokatu zituzten izen bereko filmean 1976an. Filmean ikusten zen Sherwoodeko basoa Urbasa zen. Nafarroa bisitatzen duten pertsonek bikotearen pare ibiltzeko aukera dute Egun batez aktore bisita gidatuei esker. Gida profesionalek aholkatuta, norberaren aktore kasta probatzeko aukera ezin hobea da.
Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak hiru antzestoki eskaintzen ditu aukeran: Bardea, Zugarramurdiko lezea eta Urbasa eta Urdiaingo errota. Azken horietan Errotain zalditegikoak arduratzen dira bisita gidatuak egiteaz. Bilgunea Urdiaingo errotan izanen da eta grabaketarako gutxienez hiru pertsona behar dira. Garilaren 22rako egin zuten aurreneko hitzordua eta grabazioa agorrilaren 26an eta irailaren 2an errepikatuko da, igandez. Plaza mugatuak dira eta aldez aurretik erreserba egitea komeni da. Pertsonako 10 euro ordaindu behar dira, 6 euro adin txikikoek, 65 urtetik gorakoek eta langabeek.
Saioaren dinamika
Erreserba egiten dutenek Nafarroako Zinema Bideari buruzko inguruko azalpen laburra jasoko dute, 23 filma grabatu diren 13 antzestoki biltzen dituen ibilbidea hain zuzen ere. Taldeek antzeztuko duten eszena irudikatuko da errealitate areagotuko euskarri baten bitartez. Ondoren, hobeto interpretatzeko eta taldea kohesionatzeko balioko duten dinamika dramatikoak proposatuko zaizkio taldeari, eta filmazioa hasiko da.
Filmazioen ondoren, bisitariek tokiko artisau produktuez osatutako menua dastatu ahal izanen dute eta produktu horiek eskuragarri egonen dira filmazio gunean. Horien artean Nafarroak jatorri izendapenetako produktuak daude, Idiazabal gazta, esaterako, edo Katealderen produktuak. Bisitariek posta elektronikoan jasoko dute oroigarria: haiek parte-hartzaile diren filma. Parte-hartzaileek inkesta betetzeko aukera izanen dute eta hala egiten dutenen artean ‘Reyno Gourmet’ produktu-sortaz osatutako saskia zozkatuko da.