Lagun Artea erregionalera eta Altsasu jubenilen 2. mailara

Guaixe 2018ko abu. 1a, 14:38

Nafarroako Futbol Federaziotik 2018/2019 denboraldian gure taldeek maila horietan jokatuko dutela konfirmatu digute

Lakuntzako Lagun Artea futbol taldeak maila galdu du eta 2018/2019 denboraldian erregional mailan jokatuko du, Altsasurekin batera. Eta jubenil mailako Altsasu ez da mailaz igoko eta 2018/2019 denboraldian jubenilen 2. mailan ariko da. Hori baieztatu digute Nafarroako Futbol Federaziotik.

Lagun Artea mailaz jaitsi da
Erabaki honen atzean bi gertakari daude. Batetik, eta Lagun Arteari dagokionez, preferente mailako ligan 13. postuan sailkatu zen talde lakuntzarra, 32 punturekin. Hortaz, 2B mailan, 3. mailan eta Maila Autonomikoan zer gertatuko zen esperoan geratu zen Lagun Artea, 2B mailan nafar talderen bat mailaz jaitsiko balitz edo 3. mailatik nafar talderen bat mailaz igoko balitz, eskailera efektua izango zuelako eta Lagun Arteari preferente mailari eustea edo maila galtzea ekarriko liokeelako. Tamalez, azkenean ez da posible izan eta Lagun Arteak preferente maila galdu du, nahiz eta tartean Oberenak errekurtso bat aurkeztu, aurrera aterako balitz Lagun Artean eragina izango lukeena. Hori adierazi digute Nafarroako Futbol Federaziotik. Mailaz jaitsi eta 2018/2019 denboraldian erregional mailan ariko da Lakuntzako taldea, Altsasu taldearekin batera. Etxarri Aranatz izango da preferente mailan jarraituko duen talde sakandar bakarra.

Altsasuko jubenilen kulebroia
Nafarroako Futbol Txapelketako jubenilen mailan gertatutakoak ere bazterrak astindu ditu. Jubenilen 2. mailan zebilen Altsasu igoera fasea jokatzetik kanpo geratu zen eta Kopa jokatzeari ekin zion. Baina ustez ligako azken partidan San Jorgek eta Zizurrek ustezko iruzur bat egin eta partida berdintzeko ados jarri ote zireneko salaketa aurkeztu zen Nafarroako Futbol Federazioan. Ligako azken partidako berdinketari esker San Jorgek igoera faserako sailkatzea lortu zuen. Zizur aurretik zegoen sailkatua. Gauzak horrela, Futbol Federazioak santzioa jarri zien bi taldeei eta hiruna puntu kendu zizkien. Puntuazio berriarekin, Zizurrek igoera faseari eusten zion, baina San Jorgeri hiru puntuak kenduta, San Jorge igoera fasetik geratzen zen eta Altsasu, aldiz, igoera fasean sartzen zen. Baina San Jorgek eta Zizurrek erabakia errekurritu zuten Nafarroako Futbol Federazioko apelazio batzordera, gaia Nafarroako Kirol Justiziako Batzorde Gorenera pasatu zen, eta tarte horretan, inolako erabakirik hartu gabe, Altsasu eta San Jorge igoera faseko eta kopako partidarik jokatu gabe geratu ziren, esperoan.

Konponbide zaila zuen gaiak, baina Nafarroako Futbol Federazioari galdetuta, federaziotik erantzun digute hurrengo denboraldian, 2018/2019 denboraldian, Altsasuk jubenilen 2. mailan jarraituko duela. Kontua da eurekin zerikusirik ez zuen auzian harrapatuta geratu zirela altsasuarrak, hiru hilabete baino gehiago jokatu gabe egon zirela, ez igoera faserik ez koparik. “Okerrena, zalantzarik gabe, tarte luze honetan ez jokatzea izan da, guk kasuan inolako ardurarik ez dugunean” azaldu zigun Sociedad Deportiva Alsasuako futbol koordinatzaile Alfonso Castellanok.