Zeledon jaisteko geroz eta gutxiago falta da eta pilota zaleak Gasteizera begira jarri dira, udako bigarren torneo garrantzitsua, Andra Mari Zuriaren Torneoa, ate joka baitago. Aspek eta Asegarcek biko ikusgarriak prestatu dituzte eta Ogetan puntako jaialdiak ikusteko aukera izango da.
Torneoa hasi baino lehen, igandean, Homenaje desafioa jokatuko da Ogetan, ardoaren desafioa (17:00, ETB1): Elezkano II.ak eta Martijak Arteaga II.aren eta Aretxabaletaren kontra jokatuko dute lehenik; ondoren, buruz buruko finaleko errebantxa jokatuko dute Altuna III.ak eta Olaizola II.ak eta, bukatzeko, lau t’erdian ariko dira Retegi Bi eta Victor.
Astelehenetik aurrera
Andra Mari Zuriaren torneoa abuztuaren 6an hasiko da, astelehenean. Lehen finalerdian, Sanferminetako txapeldunak, Ezkurdiak eta Rezustak, Artola eta Larunbe izango dituzte aurkari 22:15ean hasiko den partidan (ETB1). Asteartean, aldiz, bigarren finalerdia egongo da jokoan: Altuna III.ak eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Albisuren kontra jokatuko dute, 22:15ean (ETB1). Eta bi partidetako txapeldunek ostegunean jokatuko dute final handia, 17:30ean hasiko den lehian (ETB1).
Gasteizko jaialdietan bere tokia izanen dute Adur Lasak eta Joanes Bakaikoak. Lasa IV.ak Mendizabal III.arekin osatuko du bikoa ostiraleko jaialdia zabaltzen duen partidan, Arretxe II.aren eta Eskirozen kontra aritzeko. Eta asteartean Bakaikoa Arangurenekin batera ariko da, Elordiren eta Irustaren kontra.
Ezkurdia eta Zabaleta, bihar Beran
Gasteizko torneoan murgildu baino lehen, bihar, larunbatean, Ezkurdiak eta Zabaletak bikotea osatuko dute Beran, Irribarriaren eta Rezustaren kontra jokatzeko (ETB1). Bestalde, Julen Martijak, Gasteizko Homenaje desafioan jokatu eta gero, asteartean Lizarran jokatuko du, Irribarriarekin batera, Bengoetxea VI.aren eta Imazen kontra. Ondoren, abuztuaren 15ean, Labastidako torneoan ariko da Martija, Altuna III.arekin batera. BengoetxeaVI.a-Albisu edo Urrutikoetxea-Larunbe izanen ditu aurkari.