Junior mailako tropelarendako ezinbesteko proba da Iruñeko Itzulia eta txirrindulari onenek hartuko dute irteera asteartean Cordovillan hasi eta ostiralean Iruñean erabakiko den itzulian. Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko txirrindulariek, Josu Etxeberria buru, eta Burunda klubeko Quesos Albenizko txirrindulariek, Ailetz Lasa taldeko, ez dute huts egingo. Azken urteetan bezala, itzuliko proba bat Sakanan jokatuko da, festetan murgilduta egongo den Etxarri Aranatzen. Horrela, asteazkenean junior mailako proba ezagunaz gozatzeko aukera izango da gurean. Sakanako etapa antolatzeko Aralar klubaren laguntza izanen du Ermitagaña Txirrindularitza Talde antolatzaileak.
4 eguneko itzulia
Juniorren XXXII. Iruñeko Itzulia agorrilaren 7an hasiko da, asteartearekin, Cordovillan jokatuko den etaparekin (82 km). 3. mailako Arangurengo gaina bitan gainditu beharko dute juniorrek. Bigarren etapa Etxarrikoa izango da (79 km), asteazkenean, eta hirugarrena Sarrigurenen jokatuko da (84,4 km), ostegunarekin. Laugarren eta azken etapa agorrilaren 4an jokatuko da, ostiralean, Iruñeko udaletxetik, Santo Domingo kaletik aterata, eta El Redinen despedituko dena (83,5 km). Aralar eta Burunda klubeko taldeak ahalik eta lan onena egin eta aurrean egoten saiatuko dira.
Etxarri: Lizarragako Katea behin eta Unanuko gaina beste behin
Etxarri Aranazko etapan aldaketak sartu dituzte aurten. Horrela, 17:00etan Etxarritik aterata, Arbizura joango dira txirrindulariak, Lizarragabengoatik pasa eta berriz Etxarrira; ondoren, Iturmendiraino joko dute, buelta hartu eta Uharte Arakileraino; handik buelta hartu eta Arruazun eskuinera egingo dute, granjetako bidetik Lakuntzara heltzeko. Han, Abarrategi kalean, esprint berezia jokatuko da. Lakuntzatik Arbizuraino iritsiko dira, Lizarragabengoako bidea hartu eta handik buelta eginez Etxarrira helduko dira. Etxarritik lehen mailako Lizarragako katea igotzeari ekinen diote eta ondoren Arbizura jaitsiko dira, Lizarragabengoatik atzera ere Etxarriraino heltzeko. Etxarrin Unanuko bidea hartuko dute, Unanuko portua (2. maila) igotzeko. Arbizura jaitsi ondoren, Lizarragabengoatik Etxarriraino igoko dira txirrindulariak, zuzenean helmugara, 79 km-ko proba osatuta.
Aurreko urtean Victor Alvaro Construcciones taldeko Urko Senperenak irabazi zuen Iruñeko Itzuliaren barruan Etxarri Aranatzen jokatutako etapa. Iazko hirugarren etapa Josu Etxeberria iturmendiarrak irabazi zuen, sekulako erakustaldia emanda. Azkenean, Cartagena taldeko James Mitri britainiarrak irabazi zuen 2017ko Iruñeko Itzulia eta Josu Etxeberriak mendiko txapelketa irabazi zuen. Ea aurten zer gertatzen den.
Lakuntzan kadeteen lasterketa festetan
Lakuntzako festetan, bosgarren urtez jarraian, kadeteen mailako lasterketa jokatuko da. Agorrilaren 28an izanen da proba, asteartearekin, 17:00etan.