II. Irurtzun-Arakil Rallysprinta, atzerakontuan

Guaixe 2018ko abu. 22a, 12:00

Irailaren 1ean jokatuko da, 13:00etatik aurrera, eta Nafarroako Rally Txapelketarako baliagarria izango da. Izena ematea zabalik dago abuztuaren 24ra arte

Arakil Motorsportek eta Nafarroako Automobilismo Federazioak antolatuta, irailaren 1ean II. Irurtzun-Arakil Rallysprinta jokatuko da. Sakanako rallysprinta Nafarroako Rally txapelketarako eta Nafarroako Junior Txapelketarako baliagarria izango da eta bertan parte hartu nahi duten taldeek izena ematea zabalik dute abuztuaren 24ra arte www.fotomotor.es web gunean. Egun horretan bertan antolakuntzak probak izango duen ibilbidea argitaratuko du Nafarroako Automobilismo Federazioko web orrian, www.fenauto.com webean, baina 10 kilometrotik gorako proba izango dela aurreratu dezakegu. Ibilgailuek abuztuaren 25ean (10:00etatik 19:00etara) eta igandean (10:00etatik 13:00etara) aztertu ahalko dute ibilbidea. Taldeek egun horietan jasoko dute probako Road-Booka.

Irailaren 1ean autoak goizeko 08:00etan hasiko dira iristen Irurtzungo plazara, hori izango baita probako parke itxia. Bertan egingo zaizkie egiaztapen tekniko eta administratiboak eta rallysprintean ariko diren ibilgailuak gertutik ikusteko aukera paregabea izango da. Autoen asistentzia gunea Irurtzungo kiroldegiko parkingean egonen da.

Lehen ibilgailuak 13:00etan ekingo dio probari. TC1 mailakoak aterako dira lehenengo, TC2 mailakoak segidan eta TC3 mailakoak azkenik. II. Irurtzun-Arakil Rallysprinteko sari ematea 19:30ean egitea aurreikusten du antolakuntzak, Irurtzungo plazan. Sailkapen orokorreko eta kategoriako sariak banatuko dira, baita junior mailakoak ere.