Haize Berriak banda desagertzear. Hori irakurri daiteke Sakanako musika bandak bere sare sozialetan jarritako oharraren izenburuan. Haize Berriak bandako kideek diotenez, “pairatzen ari garen momentua ez da batere samurra. Aurtengo diru-laguntza oraindik ez dugu jaso”. Horrek bandaren ekonomia-egoera “oso larria” izatea eragin duela gaztigatu dute. Haiek agindutako lana urte hasieratik betetzen ari direla, “ezer jaso gabe, baina zorrez eta fakturez beteta gaude”.
Musika elkarteko kideek jakinarazi dutenez, ilbeltzetik ari dira udalarekin hitzarmena sinatzeko harremanetan. “Udalak nahi bezala, 2018ko aurrekoak dioen moduan, dena egina zegoenean, orain badirudi ekonomia arloan arazoren bat ikusi dutela. Berriz ere guk ordaindu behar”. Haize Berriak bandako ordezkariek urtero oztopoak jasan beharra dela-eta kexu dira eta udalari bere konpromisoak betetzeko eskatu diote. Duela bi urte antzeko egoera bizi izan zuen bandak eta San Juan eguneko emanaldian kioskoan kexu pankarta zintzilikatu zuen.
Altsasuko alkateak, lehenik, argitu du ez dela hitzarmena. Eta gogorarazi digu udalak urtero herriko arte-erakundeei bideratutako diru-laguntza deialdia egiten dutela. Aurtengo deialdia garagarrilaren erdialdean egin zen eta 20.000 euroko diru-poltsa zuen, joan den urtean baino 7.200 euro gehiago. Javier Ollo Martinezek esan digunez, “Kultura Batzordearen eta Tokiko Gobernu Batzordearen bitartez laster diru-laguntza deialdia ebatziko da. Horretarako, txosten juridiko-ekonomikoa beharrezkoa da. Txostena egina dagoenen deialdia ebatziko da”. Alkateak argitu nahi izan du administrazio-prozedura hori diru-laguntza deialdi horretan eta gainontzekoetan hala dela, bai Altsasuko Udalean, bai beste administrazioetan ere. Ollok esan digunez, “ulertzen dut administrazioaren epeak askotan astunak egiten direla, baina diru publikoaren kudeatzailea den heinean, prozedura guztiz beharrezkoa da”.
Bazkidetzeko
Haize Berriak bandako bazkide izateko urteko 15 euroko ordaindu behar da. Harremanetarako: bandahaizeberriak@hotmail.com.