Uda iritsi da eta harekin oporren garaia. Han edo hemen egon, urrutira bidaiatu edo gertura joan, ziur hamaika argazki egiten dituzuela argazki kamerarekin zein telefono mugikorrarekin. Izan ere, gaur egungo zenbait telefonok argazki kamera batzuek baino kalitate hobea eskaintzen dute.
Argazki horiek oporretan bizitako momentu gogoangarriak oroitzeko ez ezik, sare sozialetan igotzeko ere erabiltzen dira, senideek eta lagunek oporretan bizitakoa ikusi ahal izateko. Eta argazki bat igotzeagatik saria jaso dezakezula esaten badizute? Guaixek Udako Argazki Lehiaketa prestatu du beste urte batez. Argazkia igo, lehiaketan parte hartu eta bi sari irabazteko aukera izanen duzu.
Bi sari egonen dira. Epaimahaiak aukeratutako udako argazki hoberenaren egileak Costa Dauradan bi heldurendako eta haur batendako 7 eguneko egonaldia irabaziko du. Egonaldia irailaren 15etik urriaren 11ra egin daiteke. Bigarren saria www.guaixe.eus web orriko erabiltzaileek aukeratuko dute bozkaren bidez. Irailaren 3tik 7ra arte egonen da bozka emateko aukera.
Lehiaketan parte hartzea oso erraza da: zauden tokian zaudela argazkia atera, www.guaixe.eus web orrira sartu eta bertan lehiaketari eskainitako lekuan argazkia igo. Pertsona bakoitzak gehienez bi argazki igo ditzake eta argazkia igotakoan web orrian ikusgai egonen da. Irailaren 3ko 12:00 arteko epea dago argazki lehiaketan parte hartzeko.