Pertsona Helduendako Hezkuntzak gaztelania eta matematikan 2. mailako konpetentziak eskuratzeko ikastaroak antolatu ditu Altsasun. Lehena irailaren 20tik ilbeltzaren 31ra izanen da, astearteetan eta ostegunetan, 12:15etik 14:15era. Bigarrena, astelehenetan eta ostiraletan izanen da, 11:00etatik 13:00etara, irailaren 21etik otsailaren 1era. Dagoeneko enplegu bulegoan izena eman daiteke.
Konpetentzia horiek gutxieneko eskakizuna dira zenbait espezialitatetan profesionaltasun ziurtagiriak lortzeko. Halakoak lortzeko Nafar Lansarek 33 ikastaro antolatu ditu foru geografian barna, beti ere, langabezian dauden pertsonei zuzenduta. Prestakuntza saio horiek urtearen bigarren erdian eginen dira eta izen ematea dagoeneko zabalik dago. Horretarako, enplegu bulegotik pasa beharra dago. Saio horiei buruzko informazioa www.formaccion.info web orrian opatu daiteke.
Bestalde, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Nafarroan langabezia jaitsi egin da garilean, baina Altsasuko enplegu bulegoan % 4,8ko hazkundea izan du.