Eskerrik asko!

Anabel Arraiza 2018ko abu. 3a, 08:20

kolaboratzaileak

Irakurtzen ari zareten ale hau Guaixe oporretara joan aurrekoa duzue, horrela iragarri zuen aurreko astean. Bada, neuk ere “oporrak” hartuko ditut ale honekin batera. Uda garaia da eta eguneroko kezkak albo batera utzi eta gure denbora zertan erabiliko dugun pentsatzea izanen dut buruhausterik handiena, ez ordulari ez ordutegi….

Orain atseden hartzeko unea iritsi da. Urtean zeharreko lan eta zereginak eten eta ardurak albo batera utzi gabe, familiarekin, lagunekin, ezagunekin, ezagutuko ditugunekin... ongi pasa eta disfrutatzeko unea. Atseden tarte honetan gozatuko ditugu ere lakuntzarrontzat horren berezia den Lakuntzako Pertza eguna eta ondoren etorriko diren herriko festak. Haur, gazte nahiz heldu, errespetuz, lasai eta aske ibiliko garela pentsatu nahi dut eta hala espero dut.

Ezin dut aipatu gabe utzi, ordea, hain maitatua eta desiratua den astekari honetan idazten aritu naizela kurtso honetan zehar zenbait kolaborazioren bidez. Horrelakorik sekula egin gabea nintzen, baina aukera eskaini zidatenean, kezkak eta zalantzak dantzan nituen arren, zenbait kontu aireratzeko modu egokia zela iruditu zitzaidan. Iritzien atal hau jende dexentek irakurtzen duzuela ohartu naiz, idatzitakoa irakurri eta aipatu didazuenak ez zarete gutxi izan eta. Modu eta leku beretik eman nahi dizkizuet eskerrik beroenak  jarraitu nauzuenoi.

Datorren kurtsoan asmo eta lan berrietan murgilduko naiz ilusio handiz; beraz, nire iritzirik ez duzue hemen aurkituko, baina jakin badakizue non nagoen. Plazera izan da. Eskerrik asko eta hurren arte!