Familiendako laguntza zerbitzua indartuta

Guaixe 2018ko abu. 3a, 13:52

Etxarri Aranatz aldeko tratu on sarearen bilera.

Babesgabetasun egoeran dauden haur eta familiak laguntzeko lantaldea sortu da Nafarroa iparraldean. Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateetako teknikariek lagundu eta haiekin elkarlanean ariko dira. Gobernuarendako "inbertsio sozial handia da"

"Osasun etxeko familia-medikuak gaixoak sendatzen ditu. Baina ebakuntzak egiteko tresnarik ez du eta horiek Iruñean egiten dira. Gizarte Zerbitzuetan antzekoa gertatzen da. Familiaren esku-hartze programan antzekoa gertatzen da, kasuen larritasunaren arabera batzuen ardura  hemen hartzen dugu eta beste batzuena, egoera larriagoak, Iruñean, hemen tresnarik ez dugulako". Konparazioa Lucia Gonzalez de Pedrosorena da, Etxarri Aranazko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko prebentzio teknikariarena.

Gonzalez de Pedrosok azaldu digunez, Gizarte Zerbitzuetako familia esku-hartze programako teknikariek beti izan dute harremana Nafarroako Gobernuaren Ongizate Departamentuarekin. Lantalde berriarekin ibarreko eta Iruñeko zerbitzuen arteko elkarlana izanen da. Lantaldeak Sakanako familia arloko profesionalei aholkua emanen die, lan karga handia badute lagunduko diete eta kasu batzuk elkarlanean landuko dituzte.

Lantalde berria  
Eskubide Sozialetako Departamentuak, Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bitartez, Haurrei eta Nerabeei Arreta emateko lantaldea jarri du martxan aste honetan, eta Iruñerriko eta Nafarroaren iparraldeko eta ipar-ekialdeko haurrak, nerabeak eta familiak artatuko ditu, Sakana barne.

Diziplina anitzeko lantaldea 12 profesionalek osatzen dute. Haiek psikologian, gizarte-lanean, hezkuntzan eta gizarteratzean trebatuta daude. Lantalde horrek artatuko ditu, batetik, 18 urtetik beherako haurren eta nerabeen artean   egon daitezkeen babesgabetasun-egoerak aztertu eta baloratuko ditu. Eta gauza bera babesgabetasun-egoeran dauden eta oinarrizko zerbitzuek arreta espezializatua emateko baliabiderik ez dutenean ere. Departamentuaren kalkuluen arabera eskualde osoan 180-200 familia eta 250-300 adingabe izan daitezke artatuko dituztenak. Babesgabetasunaren tipologiaren, larritasunaren eta arriskuaren araberakoa izango da arreta, bai eta babesgabetasunetik ateratzeko aurreikuspenaren eta kolektibo horiek dituzten babes-faktoreen araberakoa ere.

Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak esan duenez, “zerbitzu berriak funtsezko inbertsio sozial handia dakar berarekin; orain, prebentzioak saihestuko du haur horiek, etorkizunean, larritasun eta gatazka handiagoko egoeretan egotea”.

Helburuak
Lan taldeak gizarte-zerbitzuei eta haien eragin-eremuko gizarte-, komunitate-, hezkuntza- eta osasun-eragileei lagunduko die prebentzioan, hautemate goiztiarrean, ikerketan, balorazioan eta esku-hartzean, eta haurrak babesteko lan-sare bat eta haien eremuko haur zaurgarrien beharrak asetzeko behar diren baliabideak sortzen. Gainera, laguntza emanen dio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzari zaurgarritasun handieneko egoerak hautematen eta premiaz artatzen babesgabetasuna baloratzeko prozesuetan, hirugarren mailako prebentzioan eta kalteak konpontzean esku hartuz.

Zerbitzua Pauma erakundeak kudeatuko du, eta Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak bideratuta jaso ahal izanen da. Zerbitzuaren kontratua 4 urtez egonen da indarrean, 2022ra arte. Urteko 610.977 euroko aurrekontua du.