Zementu-fabriketan erraustearen aurkako estatuko plataformen Koordinakundearen VIII. topaketa

Hiru mugak batera plataforma 2018ko abu. 3a, 08:11

kolaboratzaileak

Koordinakundeak Espainiako Estatu osoko 36 plataforma biltzen ditu eta aurten topaketa urriaren 12, 13 eta 14an izango da Ponferradan (León). Egitaraua parte-hartzaile talde bikainak osatzen du eta gaika aztertuko dute zementu-fabriketan egiten den errausketaren gaur egungo egoera eta, batez ere, etorkizunera begira zementugileek dituzten asmoak.

Izan ere, klima aldaketaren aurrean jendeak agertzen duen gero eta kezka handiagoa aprobetxatuz, berotegi efektua sortzen duten gasen isuriak murrizteko bidea bezala agertu nahi dute beren burua, eta horrela, hondakinak errausteko deia egin du WCA (zementuaren mundu-elkartea) erakundeak, nahiz eta jakin neurri horrek ez dakarrela berotegi efektua sortzen duten gasen isurpen murrizketarik eta bai, aldiz, herritarron osasunean eragin oso kaltegarria duten beste gai kutsatzaile eta arriskutsu batzuen emisioa. Hauxe izanen da gai gakoetako bat jardunaldien eztabaidetan, eta horrekin batera, plataformek daramaten borrokaren esperientziak ere aztertuko dira.

Urriaren 12an goizean Kataluniako, Bierzoko eta Toledoko plataformetako abokatuek, herritarren ingurumen eskubideen defentsan izandako esperientziak aztertuko dituzte. Arratsaldean, errausketarik gabeko hondakin kudeaketa proposamen eta udal esperientziak aztertuko dira. Lazio eskualdeko (Erroma) esperientzia eta Zero Hondakin Kataluniar Estrategiak “Birziklapenetik haratago: zero hondakinerantz” izenburupean eskainiko duen mintzaldian.

Urriaren 13an plataformen antolaketa eta koordinazioa aztertuko da. Arratsaldean  zementu-fabriketan erraustearen arriskuak aztertuko dira eta bertan parte hartuko dutenak honakoak izanen dira: Eduard Rodriguez Farré, Fernando Palacios, Carlos Arribas eta Paul Connet.
Hiru Mugak Batera plataformatik, beste behin ere azpimarratu nahi dugu  zementu-fabrika bat dagoen tokian beti egongo dela hondakinak errausteko arriskua. Lortzen dituzten etekinak itzelak dira, nahiz eta instalazioen  inguruan bizi diren herritarren osasunaren kontura izan. Badakigu zementugileek edozer aprobetxatuko dutela noiznahi, berriz ere egitasmo hori martxan jartzen saiatzeko, orain bertan Bierzon (topaketak egingo diren tokian) gertatzen ari den bezala.

Guk iazko VII. Jardunaldietan jarduera arriskutsu horien aurkako borrokan garaipen garrantzitsuak lortu dituzten beste plataforma batzuekin batera parte hartu genuen bezala, aurten ere Estatuko Plataformen Koordinakundearekin batera lanean jarraituko dugu, badakigulako beti erne egon beharko dugula, beste lurralde batzuetako esperientzietatik zer-ikasia badugula eta beti prest egon behar dugula Olaztiko zementu-fabrikak berriz hondakinak errausteko urratsik emango balu, erantzun sendoa eta berehalakoa emateko.