Jaun agurgarria:
AHT-Gelditu!-k antolatuta eta Sakana Trenaren Alde plataformak lagunduta bizikleta-martxa egin zen Martzillatik abiatuta Altsasura arte. Hori baliatuta, Sakana Trenaren Alde plataformak gutun irekia zuzentzen dio Altsasuko Udaleko Alkatea den Javier Ollo jaunari.
Otsailaren 14ko Altsasuko Udalaren bilkuran Abiadura Handiko Trenaren gaia aztertu zen eta Geroa Baik aurkeztutako mozioa onartu zen, Javier Ollo jauna alkateak berak defendatu zuena. Mozio horretan, De la Serna ministroak aurkeztutako proiektuarekin bat etorriz, prestazio handiko errei bikoitzeko plataforma berri baten aldeko apustua egiten da, zeinek ibilbide erdiko eta luzeko pertsonen garraiorako eta merkantziendako balioko duen, Europako Oinarrizko Sarearen estandarrak betez. Hori guztia, Euskadin garatutako Euskal-Y-ren ereduari segituz eta Zaragozan dagoenarekin lotura eginez.
Hala ere, logistikan aditutako guztiek onesten dute Abiadura Handiko eredu hori eta merkantzien garraioa bateraezinak direla; alegia, soilik paketeria arinerako izanen litzatekeela baliagarria, abiadura handiak eskatzen dituen baldintza teknikoengatik. Horregatik, frogatuta dago eredu hori ez dela baliagarria merkantziaren garraioari bere oinarrizko zentzuan etorkizuneko irtenbidea emateko.
Beste aldetik, Europako Kontuen Auzitegiak txosten kritikoa eta zorrotza egin du Europan eta, bereziki, Espainiako Estatuan garatzen ari den Abiadura Handiko ereduarekiko. Txosten horren arabera, eredu hori dirutza xahuketa itzela da (oso errentabilitate eskasa, gainkostuak ...), plangintza kaskarrekoa (erabiltzaile gutxi eta kasu askotan tren konbentzionalen abiadura dutenak), eta irizpide politikoei jarraikiz eraikiak eta ez beharrizanei (beste era batera esanda, elitismoa eta ustelkeria). Gainera, aski ezaguna den datu ekonomiko bat da, hain zuzen ere, AHTaren garapena Espainiako Estatuan eragiten ari den milaka milioiko defizita.
Horregatik guztiagatik, Sakana Trenaren Alde plataformatik Altsasuko Alkate jaunari honako hau eskatzen diogu:
1- Ekonomikoki xahutzailea eta sozialki eta ekologikoki suntsitzailea den AHT eredu horren sustapenerako erabili diren garapen ekonomikoa, lurralde kohesioa, ekologia, eta abar, bezalako marketineko azpi-jokozko hitz-hutsalak alde batera utzita, Altsasurako, Sakanarako eta, oro har, Nafarroarako benetako garapen ekonomikoa eta soziala bermatuko dituen tren eredu baten alde argi egin dezala.
2- Egungo trenaren garapena bere gaitasun guztian sustatu dezala (bikoizketa, hirugarren erreia, trazaduraren hobekuntza...) maila altuko zerbitzuak lortzeko eta pertsonen eta merkantzien garraioa ahalbidetuko dituena.
3- Nafarroako Gobernuaren eta Estatuaren aurrean aldarrika dezala Altsasuk Nafarroako trenaren historian izan duen komunikazio gune eta ardatzaren eginkizuna, eskatuz bere hornidura hobetzea eta maila guztietako zerbitzuak areagotzea, bai pertsonentzat, bai merkantzientzat.