Nazio Batuen Erakundeak Haurren Eskubideen Aldarrikapena onartu zuen 1959ko azaroaren 20an. Haurrek eta nerabeek jaiotzeagatik berez dituzten 10 eskubideen eta askatasunen zerrenda da. Eta txikienek haurtzaro on eta zoriontsua izateko helburua dute. Hona haurren 2., 4. eta 6. eskubideek diotena: babes berezia jasotzeko eskubidea, fisikoki, mentalki eta sozialki osasuntsu eta libre haz daitezen; elikadura, etxebizitza eta osasun-arreta egokia izateko eskubidea eta familiak eta gizarteak maitatua eta ulertua izateko eskubidea.
Gainontzeko eskubideak horiek bezain garrantzitsuak dira. Baina gertatzen da aipatutako hiru eskubide horiek bermatuak ez dituzten haurrak badirela gure artean. Arretarik gabe, portaera zabarrekin edo abandonatutako egoeran daudelako… Makina bat arrazoirengatik haur bat babesgabe gelditzen da. Halakoetan gurasoengandik banandu eta Nafarroako Gobernuak bere zaintzapean hartzen ditu.
Irtenbidea
Administrazioaren zaintza, ordea, ez da konponbide egokiena. Horretarako daude harrera-familiak, haur horiendako aldi baterako babesa emateko neurria dira. Haien zaintzaren ardura hartzen dute. Hau da, harrerak irauten duen bitartean familiek konpromisoa hartzen dute babes gabe zegoen haur horri konpainia eskaintzeko, artatzeko, elikatzeko eta prestakuntza integrala emateko. Azken batean, familia bizitza egitea, haurrak garapen pertsonal eta sozial osasungarria izan dezan, eta aurretik izandako bizi-esperientzia txarrak errazago ahaztu ditzan.
Baina gurasoengandik bereiziak izan diren zenbait haurri komeni zaie jatorriko familiarekiko harremana ez galtzea. Beraz, harrera positiboa izan dadin, kasu horietan beharrezkoa da bi familien parte-hartzea. Haurraren premia bat da bere bizitzan bi familien presentzia izatea aldi berean, eta, horretarako, beharrezkoa da bisita-erregimen bat izatea.
Edozein familia izan daiteke foru administrazioaren laguntzaile, berdin da familien egitura, pertsona bakarra edo bikotea den, seme-alabarik duten edo ez. Hala ere, aukeraketa eta balorazio prozesu bat pasa beharra dago, oinarrizko baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko. Haurra harreran hartzeko arrazoiak solidaritatea izan behar du eta ez familiak berak dituen gabezia afektiboak edo ekonomikoak. Argi izan behar da ere ez dela adopzioa eta jatorrizko gurasoek dituzten krisi-egoerak gainditzeko modukoak izan daitezkeela, eta litekeena dela denboraldi baten ondoren haurra jatorrizko familiara itzultzea. Horregatik, errespetatu beharrekoak dira haurrak jatorrizko familiarekin dituen harremanak eta bisitak egiteko ezarritako erregimena onartzearekin eta erraztearekin batera.
Harrera-familien premia
Familia biologikoek ezin arta ditzaketen haurrak hartzeko prest dauden familien kopurua handitu beharra dago Nafarroan. Joan den urtean foru administrazioak 223 adingaberi harrera egin zien eta haiek 190 familiaren eskutan bukatu zuten. Haietatik 149ri euren senideek egin zieten harrera, bereziki, aiton-amonek eta osaba-izebek. 74 neska-mutili beste familia batzuek egin zieten harrera. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 38 adingaberen kasuan, harrera-familia berriak bilatzeari ekin zioten; horietatik 14k ez zuten gertuko seniderik eta kanpoko familia bat behar zuten. Gainerako 24ek beste senide batzuekin harreran egoteko aukera izan zuten.
Baina 2017an 98 neska-mutil sartu ziren egoitza-harreran. Kasu batzuetan, diziplina anitzeko taldeek modalitate hori gomendatu zuten, baina beste kasu batzuetan familia-harrera gomendatu zuten. Hala ere, ume haiek hartzeko familiarik ez zegoen. Kontuan izan behar da, egoitza-harreraren aldean, familia-harrera are lehentasunezkoagoa dela neska-mutilen interesetarako, ingurune afektibo eta erreferentzial sendoagoak eskaintzen baititu.
Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzatik, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak nabarmendu du, harrera-familiak aurkitzeko zailtasunik handiena 7 urtetik gorako adingabeei eta berariazko beharrak dituzten anai-arrebei dagokiela.
Bost harrera motak
1. Larrialdiko harrera
Premiaz esku hartu behar denean edo egoera baloratzeko behar den denboraldian adingabeei aplikatzen zaien neurria da, administrazioaren zaintzapean ez gelditzeko. 0 eta 6 urte arteko haurrendako da. Iraupen laburreko neurria, sei hilabete baino gehiago ez.
2. Aldi baterako harrera
Neurri iragankorra da, jatorriko familiaren bilakaeraren arabera haurra berriro itzultzeko aukera ikusten delako. Gehienez ere bi urteko harrera da
3. Harrera iraunkorra
Legeak ezarritako 2 urteko epean, jatorriko familiara itzultzeko aukera ikusten den haurrendako da, egonkortasun handiagoko neurri bat behar dutenendako. Izaera mugagabearekin proposatzen da, eta adin-nagusitasunera bitarte luza daiteke.
4. Harrera espezializatua
Besteren familiako harrera espezializatua edo profesionalizatua izan daiteke. Hain zuzen ere, premia bereziak (osasun-arazoak, jokabide-arazoak, anai-arreba taldeak, e.a.) dituzten eta banako arreta behar duten adingabeendako da. Hartzen duen pertsonak hezkuntza-arloan edo arlo sozialean prestakuntza izan behar du eta haurtzaroan esperientzia espezifikoa.
5. Etengabeko bizikidetzarik gabeko harrera
Asteburuetarako eta opor-garaietarako zaintza izan daiteke, familiaren erreferentzia bat behar duten haur handiendako, bizikidetza egonkorra izan gabe.
Nolakoa da harrera-prozesua?
1. Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzarekin harremanetan jarri informazioa eskuratzeko edota programan parte hartzea eskatzeko: 848 421 210
elefonoa edo familiasdeacogida@navarra.es
-posta.
2. Informazio-elkarrizketa batera joan programa eta balorazio-prozesua ezagutzeko.
3. Prestakuntza. Familiak eta pertsonak prestakuntza-saioetara joan daitezke talde murriztuetan (12-15 pertsona); saio horietan, harreraren zailtasunei eta inplikazioei buruzko hausnarketa egiten da.
4. Balorazio psikosoziala, baldintza fisikoak, psikikoak eta sozialak ez ezik, hartzaile izateko motibazioa eta dituzten ezaugarriak ere ebaluatzeko, eskaintzaren baldintzak zehazte aldera.
5. Etxebizitzak eta inguruneak eskaintzen dituen edukiera eta bizigarritasun-baldintzak ezagutzeko bisita.
6. Familia-harrerarako egokitasuna positibotzat jotzen bada, familia familien zorroan sartzen da, harik eta haurra familia horretan sartzea egokitu arte.
7. Adingabea eta harrera-familia egokitzeko denboraldia: bisitak, asteburuko topaketak, eskolako oporrak eta eguneroko elkarbizitza harrera formalizatu arte.
8. Harrera-familia eratzea eta bizikidetza hastea.
9. Akonpainamendua. Nafarroako Gobernuko Familiaren eta Adingabeen Zuzendariordetzak, diziplina anitzeko talde teknikoaren bitartez, familia-harreraren bilakaeraren gaineko segimendua egin behar du eta adingabeari, familia hartzaileari eta familia biologikoari lagundu prozesuan zehar. Akonpainamenduaren bitartez, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dira. Modu horretan, prozesuan zehar sortzen diren premiak detektatu eta horiei erantzuten ahalegintzen da; gainera, ezinbestekoa den kasuetan, bestelako baliabide osagarriak ezartzen dira.
10. Harrera-familiaren harrera hainbat arrazoirengatik eten daiteke: adingabea jatorriko familiarekin itzultzea, prozesuan zailtasunak gertatzea eta beste baliabide egokiago bat bilatu beharra edota adingabea adin nagusitasunera iristea.
Magale elkartea
Nafarroako harrera-familien elkartea da Magale, 2003an sortu zena. Bere helburuen artean daude, batetik, administrazioaren zentroetan dauden adin txikikoen familia-harrera sustatzea; bestetik, harrera-familiei edo hala izan nahi duten familiei informazioa ematea, laguntzea eta aholkua ematea. Azkenik, Magale elkartetik adingabeak eta haiek hartzen dituzten harrera-familien eskubideen alde egiten dute. Elkarteari buruz gehiago jakin nahi duenak www.magale.org web orrian eskura du. Haiekin harremanetan jartzeko secretariamagale@gmail.com e-postara idatzi edo 687 420 583 telefonora hots egin daiteke (16:00etatik aurrera).
Lekukotzak
Zoraida Anton eta Iñigo Etxeberria
Bikoteak hiru seme-alaba ditu eta larrialdiko harrera-familia dira. Hiru urte daramatzate programan eta haien etxetik lau neskato jaioberri pasa dira.
Aurretik ezagutzen zenuten harrera-familiarik?
Ez. Duela urte batzuk harreran zegoen neskato bat Urdiainera bizitzera etorri zen. Horren inguruan pentsatzen hasi ginen: zer gertatzen da haien gurasoekin ez dauden haurrekin? Egoteko toki bat behar dutenekin? Horren inguruan informatzen hasi ginen eta guk harrera-familia izatea erabaki genuen.
Zergatik zarete harrera-familia?
Guk beti haur baten adopzioan pentsatu genuen. Baina ikusi genuen badaudela gurasoak dituzten haurrak, adoptatu ezin direnak. Hainbat arrazoirengatik Nafarroako Gobernuaren zentroetan gelditzen dira. Eta pentsatu genuen haur horiei harrera egitea hobe izanen litzatekeela.
Zergatik larrialdiko harrera-familia?
Nafarroan hori egiten duten bost familia besterik ez gaude. Ohiko harrera egin behar genuen. Baina, azkenean, begiratzen hasi nintzen. Nafarroan ez zegoen familiarik eta larrialdiko-harrera egiteko familiak eskatzen zituzten. Normalean ume oso txikiak dira, jaio berriak. Pertsona bat haien gainean egotea behar dute. Hor sartu ginen, jenderik ez zegoelako. Eta gure asmoa laguntzea zen. Pentsatu genuen harrera mota hori egiten zuen inor ez zegoenez, hor laguntzea.
Zer eskatzen du harrera-familia izateak?
Lan asko. Dena berriro moldatu behar da. Nire haur txikiak 10 urte ditu. Berriro hasi behar da. Jaioberriari jaten eman behar zaio, jatekoa prestatu, fardelak aldatu, sehaska, arropa, gurditxoa… Opatzeko moldatu edo erosi. Seme propioekin egin genuen guztia, berriro. Egun guztia etxean dago. Bat gehiago familian.
Eta zer ematen du halako ume txiki bat etxean izateak?
Esperientzia bat da haurrendako eta guretako. Pila bat ikasten da. Ezagutzen dituzu beste behar batzuk dituzten familiak, agian zuk hemen ikusten ez dituzunak. Arrazoi askorengatik haur asko dago harreran hartzeko zain daudenak. Eta laguntzea, esan bezala, guretako eta haurrendako esperientzia bat da. Zeren haurrendako ere hasieran izan zen… Nola ez dagoela ume bat amarik ez duena? Zergatik ez du? Galdera asko dira. Eta haiendako oso positiboa izan da. Denendako oso positiboa da.
Badago harrera-familiak babesten edo laguntzen duen ezer?
Nafarroako Gobernuak diru-laguntza ematen digu. Baina kontua ez da dirua. Azkenean, umea gurasoak ikustera astean hirutan eraman behar da, gero bitan… Familia bisitatzera joan behar da. Gero, medikua eta guztia gure ardura da. Azkenean, guk erosten dugu arropa, dena. Ez da diruagatik. Ez genuke horregatik eginen.
Momentu honetan baduzue?
Bai. Herenegun urtebete egin zuen gurekin. Larrialdi-harreran gehienez 6 hilabete egoten dira, baina honen kasuan gauzak zaildu egin dira eta urtea egin du etxean.
Umea hazten ikusten duzue.
3 urteko bat izan genuen. Aurpegi bat ekarri zuen eta etxean egon ondoren beste batekin joan zen. Azkenean, haiendako oso garrantzitsua da familia-bizitza. Poz aurpegi hori ikustea oso aberasgarria da.
Hau irakurtzen duenari zer esanen zenioke?
Animatzeko. Esperientzia oso positiboa. Haur asko daude eta familiak behar dira. Nafarroan larrialdi-harrera egiten duten bost gaude. Ume asko daude.
Eguzki Nazabal eta Gerardo Bergara
Gurasoek bi haur izan dituzte. Aldi baterako harrera-familia dira azken lau urteetan. Bi haur pasa dira euren etxetik. Aurrena, mutikoa, 6 urterekin iritsi zen eta joan den urtean bere amarekin bueltatu zen. 11 urte eginen dituen mutikoarekin eta amarekin harremana mantentzen dute. Neska 3 urterekin iritsi zen. Bere kasua desberdina izan da, adopzio familiarekin joan da.
Aurretik ezagutzen zenuten harrera-familiarik?
Ez. Ni egunero irrati-iratzargailuarekin esnatzen naiz. Euskadi Irratian Gipuzkoa aldean harrera-familiak behar zirela entzun nuen. Gerardori komentatu nion. Gipuzkoako elkarteari mezua bidali nion. Ez zuten erantzun. Ez erantzuteagatik, gelditu nintzen… Interneten Nafarroako elkartea bilatu nuen, Magale. Han bi emakume, bi familia ezagutu nituen. Azaldu zidaten pixka bat mundu honek nola funtzionatzen duen. Animatu ginen eta Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri ginen.
Zergatik zarete harrera-familia?
Ez dakit. Hori galdetzen digutenean ez dakit zer erantzun eman. Kontua da haur gaixo horiek familiaren beharrean daudela ikustean… Ba ez dakit. Hor barruan zerbait pizten da eta esaten duzu: badakit zaila dela, baina pauso hori eman beharko da. Ez dakit zein den erantzuna, benetan.
Bestela, Nafarroako Gobernuaren esku leudeke, ezta?
Bai. Pisuetan daude eta erreferentziazko norbait badute, baina ez dira gurasoak. Esaten dute haur horiendako bizimodu onena familia batean egotea dela, bestela zerbait falta zaiela haur horiei guztiei.
Zergatik egin zenuten aldi baterako harrera-familia izatearen alde?
Nafarroako Gobernutik hori eskaini ziguten. Esan ziguten: haur bat dago egoera honetan, hartu nahi duzue? Bigarren kasuan berdin.
Zer eskatzen du harrera-familia izateak?
Arropa… Dena gure kontu. Neskaren kasuan, gurditxoa eta halakoak ere. Eta logela… lau sartzen diren etxe batean bost ere sar daitezke. Azkenean, moldatzen gara.
Eta zer ematen du?
Lasaitasuna. Jakitea haur horiengatik zerbait ongi egiten ari garela. Ikusita haur gaixo horiek kanpoan daudela, ez dutela zeinekin egon eta…
Etxeko haurrei zer pentsa emanen die, ezta?
Bai. Haiendako esperientzia oso ona da, beste errealitate batzuk ere badaudela ikusten dute. Hemen oso ongi bizi gara batzuk. Baina denak ez. Oso gertu ikusten dira egoera horretan haurrak.
Badago harrera-familiak babesten edo laguntzen duen ezer?
Nik dakidala ez. Elkartea dago. Elkarteak gehienetan sortzen dira behar bat dagoelako. Harreman ona dugu, baina ez gara elkartean sartu. Laguntza beharrik ez dugu izan.
Hau irakurtzen duenari zer esanen zenioke?
Animatzeko. Oso esperientzia polita da. Bai guretako bai haurrarendako. Aberasgarria, erabat. Gure kasuan biak joan dira. Egia da gogorra dela. Baina bietan gauzak ongi joan dira. Jendeak askotan esaten du: nik ez dakit hori egiteko trebe naizen. Jo! Ba, ni ere ez! Gogorra da, baina animatu behar da. Gure bizimodua egiten dugu eta ez dugu aldaketarik nahi izaten. Baina denok egin dezakegu. Hori egiteko ez da ahalmen berezirik behar.
Paula Vigor eta Leo Gainza
Haiek lau seme-alaba dituzte. Ikasketa-harrera egiten dute. Duela 11 urte hasi ziren, 3 urteko neskato bat etxean hartuz. Ordutik, ikasturtean zehar Ekuatore-Gineako neska dute etxean, irailetik garagartzarora arte. Garagartzaroko azken egunean ikasle txartela iraungi egiten da eta Ekuatore-Gineako umezurztegira bueltatu behar du. Han uda ematen du. Duela 5 urte larrialdi harrera-familia bihurtzea erabaki zuten eta ordutik 13 ume pasa dira haien etxetik.
Aurretik ezagutzen zenuten harrera-familiarik?
Ez. Ekuatore-Gineako haurrendako harrera-familiak behar zirela zioen egunkari-iragarkia ikusi genuelako hasi ginen. Duela 11 urte izan zen, eta udarako zen. Palestina, Ukrainia edo Saharako haurrak etortzen diren moduan. Izena eman eta 3 urteko neskato bat ekarri genuen uda pasatzera. Gaixo etorri zen, fisikoki oso gaizki. Hor hasi ginen pentsatzen uda baino gehiago iraungo lukeen harrera egitearena, neskatoak zituen arazo fisikoez osatzeko. Ikasketengatik aldi baterako egonaldia zegoen. Harrera mota honek haurrei ikasteko aukera ematen die. Aldi berean, jakina, familia bat izateko aukera ematen diegu, umezurztegitik heldu direlako. Hemen ez badaude umezurztegian daude. Espainiako legediak ez du uzten haurrak urte guztia hemen egotea. Udan euren herrialdera itzuli beharra dute, errotze kontuagatik. Halako kasuetan errotzearena kakotxen artekoa da, askok ez dutelako familiarik, edo desegituratuta, edo oso pobreak, edo ez da existitzen. Afrikako familia oso zabala da. Erabateko haur umezurtzak badaude, baina askotan ama pontekoak daude (oso figura garrantzitsua), izeba-osabak, aitona-amonak daude. Baina ezin dute haurren ardura hartu eta umezurztegian bukatzen dute.
Zergatik zarete harrera-familia?
Laguntzeko eta emateko kezka genuen. 3 eta 12 urte arteko lau seme-alaba genituen. Haiei eredua emateagatik, jabetu daitezela haur guztiak ez direla berdin bizi. Haur horiek telebistan ikusten ditugu, baina gero beste herrialdeetan egon daitezkeen beharren ideiarik ez dugu bertatik bertara bizitzen ez badugu. Bizi arte ez duzu ideiarik ere. Orain hau nahi dut, gero hura, hurrengoan bestea. Haurrek gaur egun dena dute. Eredua eman eta adierazi behar zaie garrantzitsuena ez dela materiala, horrela hezi nahi genituen gure seme-alabak. Azalduz egoera zailak bizi dituzten haurrak badaudela, gurasorik ez dutenak, erakunde batean bizi direnak… Ikus zezatela gauza garrantzitsuagoak zeudela, play-stationa eta gauza materialak ez zirenak. Hortik jo genuen. Eta haurrak asko gustatzen zitzaizkigunez, laguntzeko modua haien alde bustitzea zela uste nuen.
Zer eskatzen du harrera-familia izateak?
Neskarekin 11 urte daramatzagu. Etxean seme-alaba bat gehiago izatea da. Joaten denean, batzuetan, mina sentitzen da. Joaten denean dokumentazioa zerotik berritu beharra dago, sekula hona etorri izan ez balitz bezala tramitatu behar ditugu agiriak. Ez da berritze bat. Horrek kezka sortzen du. Uneren batean arazo larri bat egotea, ezin dela etorri… Batzuetan atsekabe asko dira. Egunerokoan, beste seme-alaba bat da. Neska 3 urteetatik dago gurekin eta alaba bat da, beste lauren moduan.
Eta zer ematen du?
Poz handia. Afrika ezagutzea ekarri digu. Nik oso gustuko dut. Ni urtero hilabetez umezurztegira joaten naiz, hango umeekin egotera. Zoragarria den beste mundu baterako sarbidea eman dit. Neskatoa gozamena da. Bera jabetzen da non dagoen eta han zer duen. Egia esan, aukera hau oso ongi baliatzen ari da. Horrek poztasun handia ematen du. Pertsona ona da, ikasle ona, oso maitekorra da, kirolzalea, atsegina, laguntzen du… Handia denean medikua izan eta bere herrialdera laguntzera joan nahi du. Esaten dituen horiek poz handia ematen dute. Duen aukeraz jabetzen ari da eta baliatzen ari da. Guretako hori oso polita da. Guri, oraintxe, zazpi seme-alaba izatea… lan fisikoa bada, baina garrantzitsuagoa da ematen duen poztasun guztia.
Badago harrera-familiak babesten edo laguntzen duen ezer?
Atzerriko haurren harreran ez du inork laguntzen. Dena familiaren kontu da. Ekuatore-Gineako haurrak ezin dira adoptatu. Beraz, beti harrera da. Sonagek, Solidaridad Navarra con Guinea Ecuatorial, gobernuz kanpoko erakundeak ekartzen du eta hemen dagoen bitartean haren zaintza gure ardura da. Osasun asegurua izan behar dugu. Notarioarenean sinatu behar dugu ikasle txartelaren aldia bukatzean neska bere herrialdera bueltatuko dela. Ezin dugu ez bekarik ezta laguntzarik eskatu. Administrazioaren aurrean ez da familiako parte. Bertako haurren harrera egitean Nafarroako Gobernuak laguntza ematen du.
Ikasketa-harreraren eskarmentua izanda, bertako haurren harrera egitea erabaki zenuten.
Familia egonkorra gara, hango umeak lagundu baditzakegu, urtean zehar bertakoak zergatik ez? Duela zazpi-zortzi urte eman genuen izena. Orduan larrialdi-harrera sortzekoak ziren. Bi urte kostatu zitzaien ezartzea eta duela bost urte gu izan ginen larrialdi-harrera egin zuen aurreneko familia.
Zergatik larrialdi-harrera?
Ni ume txikiek liluratzen naute. Ume txikiekin aritzeko trebeago sentitzen naiz. Jendeari umetxo bat hartzea eta gero bueltatzea latza zitzaion. Denbora gutxirako bazen, garai hartan oso zaila zen umetxoak harreran hartzea. Egia da oso gogorra dela umetxoa uztea. Baina etxean egon den denboran utzi dizun poztasunak… txarra ahaztu eta onarekin gelditzen zara. Niri, gainera, Afrikara hilabete batez joatea gustatzen zait. Eta aldi baterako harrera bagenu ezin izanen nuke umezurztegira joan. Horregatik egin genuen hilabeteetakoak diren harrera horien alde. Baina batzuetan luzatu egiten dira eta hilabete asko izaten dira. Gurekin denbora gehien izan dugun umetxoa 11 hilabete egon zen. Kasuek buelta ematen dute eta zaildu egiten dira: harrera laburra dirudiena gero… Kasu bakoitza mundu bat da. Asko aztertu behar da eta umetxoarendako konponbide onena zein den begiratu behar da. Azkenean, denbora pasatzen da eta harrera-aldiak luzatu egiten dira.
Zer moduz etxean?
Oso ongi. Bat izan eta joaten denean, kabia hutsik sumatzen dugu. Umetxorik gabe egun batzuk pasa, etxera iritsi eta gure seme-alabek ere galdetzen dute ea hots egin diguten. Ikastetxetik bueltan galdera bera. Denok sumatzen dugu umetxo baten falta etxean. Esperientzia polita da. Harrera bukatzean mingarria da, baina trago txar hori pasatu eta onarekin gelditzen gara. Eta beste umetxo berri bat dagoela esanez eta gure onera bueltatu garen galdetzen duen telefono deiaren zain gelditzen gara. Zeren dolu-aldia pasa beharra dago. Batzuetan gehiago kostatzen da, besteetan gutxiago. Batzuetan ume bat joan eta egunetara beste bat dugu. Beste batzuetan hilabeteak egon gara umetxorik gabe. Hori seinale ona da, umetxo bakar batek ere horren beharrik ez duen seinale. Gaur egun bi ume ditugu, benetan larrialdi harrera-familia premia handia dagoelako.
Hau irakurtzen duenari zer esanen zenioke?
Benetan pentsa dezala. Jende askok egin dezake. Gu ongi daramagula, nork bere gain hartu dezakeen gauza bat dela, oso atsegingarria dela ikusten dutenean esaten dute: nik eginen nuke, baina ez dut balio zeren kentzen badidate… Ez dizute kentzen. Zu umetxo horren alde zerbait ona egiten ari zara. Alternatiba, harrera-zentro bat da. Gainera, umetxoak motxila ederra eramanen du berarekin. Jende askok seriotasunez pentsatzekotan denak soilik umea kentzeko uneari erreparatzen dio. Ez da soilik horretan pentsatu behar. Jakina, gaizki pasatzen da. Zurea balitz bezala maite duzu. Baina joanen dela badakizu. Oso desberdina da. Esaten dizutenean: orain seme-alabaren bat kenduko balizute? Ez. Desberdina da. Badakizu zure seme-alaba dela eta beti egonen dela. Edo ez. Gure seme-alabek handitzean euren erabakiak hartuko dituzte eta joan eginen dira. Gauza bera honekin. Onena da. Bilatuko diote amonaren bat, izeba-osabaren batzuk edo adoptatu eginen dute. Umetxo horren bizi guztirako etorkizun egonkor bat bilatu dute. Ez da harrera-zentro batean egonen, maite eta zaintzen duen familia batean baizik. Gaizki iristen dira eta nola garatzen doazen ikusten duzu. Umetxoek aurrerapen handiak egiten dituzte harrera-familian. Ume aktiboak, alaiak ikusten dituzu. Oso polita eta esker onekoa da. Azkenean, esperientziaren alde positiboari erreparatzen zaio.