4 domina gehiago ditu Ioseba Fernandezek

Guaixe 2018ko ira. 4a, 11:28

Belgikan jokatutako Europako Txapelketetan urrezko 3 domina eta zilarrezko bat lortu ditu irristalari iturmendiarrak, taldekako 500 m esprintean, 200 m esprintean, buelta bat esprintean eta 300 m erlojupekoan

Abuztuaren 16tik 23ra Europako Irristaketa Txapelketak jokatu ziren Belgikan, Oostenden. Garikoitz Lerga selekzionatzaileak gidatzen duen Espainiako Irristaketa selekzioa bikain aritu zen, 38 domina ekarri baitzituen Belgikatik. 38 domina horietatik 17 irristalari nafarrek lortu zituzten: 11 urrezko, tartean Ioseba Fernandezen 3 urrezkoak; 2 zilarrezko, tartean Ioseba Fernandezen zilarrezkoa; eta 4 brontzezko.  

Berriro Ere taldeko Ioseba Fernandez irristalariak lan itzela egin zuen Europako Txapelketetan. Pistan, taldekako 500 m esprintean urrea lortu zuen iturmendiarrak Patxi Peularekin batera, eta 300 m erlojupekoan bigarrena sailkatu zen, zilarrezko domina lortuaz. Eta zirkuituan beste bi urrezko domina eskuratu zituen Ioseba Fernandezek. Lehena 200 metro esprintean, azkarrena izan baitzen iturmendiarra. Michel Mulder holandarra eta Ron Pucklitzsch alemaniarra gainditu zituen Iosebak (16.182 segundo). Eta bigarrena abuztuaren 22an iritsi zen: iturmendiarrak bere hirugarren urrea lortu zuen buelta bat esprintean izeneko modalitatean, Holandako Ronald eta Michel Mulder bikiak atzean utzi eta gero. Horrela, Europako Txapelketako bere hirugarren garaipena lortu zuen, bere laugarren domina. Guztira, beraz, hiru urrezko eta zilarrezko bat.  

Ioseba Fernandezekin batera, lan ikusgarria egin zuten Ivan Galar, Maite Ancin, Maialen Oñate, Javier Larrasaoain, Beatriz Pejenaute eta Daniel Milagros irristalari nafarrek. Guztiek lortu zuten dominaren bat.

Gogoratu behar da ere uztailaren 1etik 8ra Munduko Irristaketa Txapelketak jokatu zirela Holandan eta munduko txapeldun izatea lortu zuela Ioseba Fernandezek, 100 metroko abiadura proban irabazi eta errekorra apurtu baitzuen (9.68 segundo). Beraz, Europako eta munduko txapeldun handia dugu iturmendiarra, meritu handiko kirolaria.