Zabaleta eta Altuna Lekeitioko final handitik kanpo

Guaixe 2018ko ira. 4a, 11:21
Argazkia: Fernando Gómez.

Partida oso gogorrean, Elezkanok eta Rezustak 22 eta 14 irabazi zieten

Atzo Lekeitioko sanantolin torneoko bigarren finalerdia jokatu zen. Hiru txapelekin denboraldi bikaina egiten ari den Jose Javier Zabaleta atzelari etxarrendarra Altunarekin aritu zen, Elezkanoren eta Rezustaren kontra. Partida oso lehiatua aurreikusten zuen katedrak eta horrela izan zen. Apustuak Altunaren eta Zabaletaren alde atera ziren, baina hasieratik aurrea hartu zuten Elezkanok eta Rezustak eta, gutxinaka, alde hori sendotzea lortu zuten. Altuna eta Zabaleta saiatu ziren: 4 eta 5-era gerturatu ziren, baina 7 eta 16ko aldea hartu zuten Elezkanok eta Rezustak. Atzean bikain aritu ziren bi atzelariak, baina partidak aurrera egin ahala bergararrak hobeto haztatu zuen; aurreko koadroetan Elezkanok bere aldera eman zuen partida. Horrela, 22 eta 14 irabazi zuten Elezkanok eta Rezustak eta asteazkeneko final handia Artolaren eta Larunberen kontra jokatuko dute.

Altuna III.a-Martija vs Ezkurdia-Zabaleta, Altsasuko festetan
Altsasuko festetan jaialdi bikaina antolatuko du Aspek. Irailaren 14an izango da, hurrengo ostiralean, 22:00etan Burunda pilotalekuan izanen den partidan. Aspeko pilotari sakandarrak lanean ikusteko aukera ezin hobea izango da, jaialdia zabaltzen duen partidan Adur Lasa ariko baita, Lasa IV.a, Retegi Birekin batera. P. Etxeberria eta Martinez izango dituzte aurkari. Eta partida nagusian Altuna III.arekin arituko da Julen Martija etxeberriarra, Joseba Ezkurdia arbizuarraren eta Jose Javier Zabaletaren kontra aritzeko. Sarrerak aurretik eros daitezke 661 259 009 telefonoan.