II. Irurtzun-Arakil Rallysprinta egonkortzen

Guaixe 2018ko ira. 4a, 14:45

Joseba Beola eta Jose Luis Iratzoki izan ziren txapeldunak 39 talderen artean. Pilotu sakandarrek ez zuten zortea alde izan. Pilotuek ibilbidearen edertasuna eta antolakuntza bikaina nabarmendu zuten

Eguraldia lagun jokatu zen, larunbatean, II. Irurtzun-Arakil Rallysprinta. Arakil Motorsportek eta Nafarroako Automobilismo Federazioak antolatu zuten proba, Nafarroako Rally Txapelketarako eta Nafarroako Junior Txapelketarako baliagarria zena.

Etxarrenetik aterata, Egiarretako Itxasperrira eta Etxeberri parera jo behar zuten autoek, handik Madotz igo eta Oderitz pasa ondoren, Astitzera heltzeko. Ibilbidea hiru aldiz egin behar izan zuten proban parte hartu zuten 39 ibilgailuek, eta horietatik 25 taldek lortu zuten proba despeditzea. Azkarrenak Joseba Beola pilotua eta Jose Luis Iratzoki kopilotua (Mitsubishi Lancer Evo X R4) izan ziren (22:18 minutu). 16 segundo atera zizkieten Iñaki Zozaia eta Xabier Anduezari (Porsche 911 GT3, 22:34 minutu). Podiuma Jon Etxeberriak eta Mireia Saizak osatu zuten (Mitsubishi Lancer Evo X R4, 22:48 minutu).

Aipatzekoa da II. Irurtzun Arakil Rallysprintean lehiatu ziren pilotu sakandarrek ez zutela zortea alde izan. Sakana Motorsport taldeko Garikoitz Goñi pilotu etxeberriarrak eta Iñaki Arivek (Renault Clio Sport) etxean jokatzen zuten, probako antolakuntzan buru-belarri egoteaz gain, baina autoan matxura izan eta gero erretiratu egin behar izan ziren, rallyko 2. eremua eta gero. “Aurreko asteetan egindako lan guztia eta gero, disfrutatzera atera ginen etxeko proban. Eta hala izan zen. Baina bigarren eremua osatu eta gero, helmuga gainditu eta Lekunberrira iristen ari ginenean, palierreko homozinetika apurtu egin zen, eta erretiratu egin behar izan genuen, pena handiz. Bi urte hauetan ezin izan dugu etxeko proba bukatu, ea hurrengoan!” adierazi zuen Garikoitz Goñik sare sozialetan.

Mikel Mendinueta pilotu arbizuarrari ere (Peugeot 205 GTi) antzekoa gertatu zitzaion, 2. eremua eta gero erretiratu egin zen. Guztira 14 talde erretiratu egin ziren.

Proba bukaeran sari ematea egin zen Irurtzungo plazan. Proba absolutua edo scratch-eko irabazleez gain, kategoria bakoitzekoek ere trofeoa jaso zuten. Parte-hartzaileek probaren antolakuntza bikaina eta ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten. Aipatzekoa da aurten istripua izan zuen Josu Cerezo lakuntzarrari txapela eman ziola antolakuntzak, “osatzen jarraitzeko beharrezkoa duen indarra” emateko.