Beraza Valle de Tenako Traileko podiumean

Guaixe 2018ko ira. 5a, 14:34

2K proban (20 km, 1.250 m desnibel +) hirugarrena izan zen Uharte Arakilgo korrikalaria, lehen beteranoa. Patxi Rubio 14.a sailkatu zen probarik gogorrenean (77 km, 6.800 m desnibel +).

Asteburuan Valle de Tena Traila jokatu da Panticosan, Pirinioetan, hiru distantziatan: 8K (77 km, 6.800 m desnibel +), 4K (43 km, 3.600 m desnibel +) eta 2K  (20 km, 1.250 m desnibel +). Jose Luis Beraza 2K distantzian lehiatu zen, tartean Punta dera Facera (2.288 m) igoera jasotzen zuena. 312 korrikalarietatik 246k lortu zuten proba bukatzea, Fran Naval buru zela (1:53:31). Aipatzekoa da bikain aritu zela Uharte Arakilgo korrikalari fina eta hirugarrena iritsi zen helmugara (2:00:36), probako lehen beteranoa.



Rubio, Larrañaga eta Maiza 8K proban, Nafarroako selekzioarekin
Valle de Tena Traileko probarik gogorrenean, 8K proban, hiru sakandar lehiatu ziren Nafarroako selekzioarekin: Patxi Rubio eta Arantzazu Larrañaga uharte arakildarrak eta Joxeja Maiza etxarriarra. 258 korrikalarik hartu zuten irteera eta 179k lortu zuten proba bukatzea. Gamo Negro (3.064 m) izan zen gainditu behar izan zuten mendirik altuena. Andreu Simon izan zen 77 km eta 6.800 metroko desnibela zuen lasterketa gogorreko txapeldun handia (11:46:05). Patxi Rubiok lasterketa ona egin zuen eta 25.a sailkatu zen, lasterketan 14 ordu t’erdi eman eta gero (14:31:08), baina Arantzazu Larrañagak eta Joxeja Maizak proba utzi behar izan zuten, Larrañagak 9 ordu t’erdi zeramatzala, Bachimaña aterpetik pasa eta gero, eta Maizak 11 ordu pasa zeramatzala, La Sarra gainditu ondoren.

Katarain bigarrena Usurben eta hirugarrena Itziarren
Beñat Katarain mendi korrikalaria ere ez da geldirik egon. Asteburuan jokatutako Usurbe Igoeran bigarrena sartu zen lakuntzarra (22:41), Ahmed Moujane irabazletik 18 segundora. Eta Itziargo mendi lasterketan hirugarrena sailkatu zen Katarain.

Guardetxe igoera Lakuntzan
Lakuntzako festen bezperan, Zabalarte elkarteak Guardetxe Igoera herrikoia antolatu zuen. Lakuntzatik atera eta Aralarko Guardetxe zenera iristea zen erronka, handik berriro Lakuntzara jaisteko. Javi Gasanz altsasuarra izan zen azkarrena, Unai Bakaikoa eta Aitor Hernaiz lakuntzarren aurretik. Emakumezkoetan Olatz Aranburu eta Uxue Lazkano izan ziren azkarrenak.