Etxeberria eta Arrieta, gorenean

Guaixe 2018ko ira. 6a, 12:23
Josu Etxeberria, Iruñeko Itzuliko Etxarri Aranazko etapan Lizarragako portuan gora. Argazkia: Martin Early.

Intersport Irabiako Josu Etxeberria junior iturmendiarrak Iruñeko Itzulia irabazi zuen eta bere taldekide Igor Arrieta kadete uhartearrak Lakuntzako Saria eta Nafar Kirol Jolasak irabazi ditu. Quesos Albenizko Unai Aznar garaile izan da Legarian eta Obanosen eta Intersport Irabiako Aitor Alberdi Tafallan

Aralar Txirrindularitza Klubeko Intersport Irabia taldean garaipen potoloak ospatu zituzten abuztuan. Garrantzitsuena, akaso, junior mailako Josu Etxeberria iturmendiarrak lortutako Iruñeko Itzulia izan zen. Baina kadeteen mailan Igor Arrietak eta Aitor Alberdik garaipen bikainak lortu zituzten ere. Burunda Klubeko Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznarrek ere garaipen politak ekarri dizkio Altsasuko taldeari.

Abuztuaren 7tik 10era jokatu zen Iruñeko Itzulia, eta junior mailako puntako taldeak bildu ziren bertan. Lehen etapan Josu Etxeberria eta Arcabuco taldeko Jonathan Chaves kolonbiarra batera iritsi ziren helmugara eta esprintean etapa garaipena eta lidergoa lortu zituen Josu Etxeberriak. Bigarren etapa Etxarri Aranatzen jokatu zen eta esprintean Cartagena taldeko Oscar Sanchez Ecotisako Oscar Tellezi gailendu zitzaion, baina Josu Etxeberriak lidergoari eutsi zion. Hirugarren etapan HTM taldeko Jenson Young britainiarra iritsi zen bakarrik Txoribarreko helmugara eta lidergoa kendu zion Josu Etxeberriari, 14 segundoko tartearekin. Baina laugarren etapan bikain erantzun zuen Iturmendikoak, beste 7 txirrindularirekin batera erasoa jo baitzuen. Ampo taldeko Xabier Berasategik irabazi zuen etapa, Josu Etxeberria bosgarrena izan zen eta 31 segundo atera zizkion Jenson Young liderrari eta Iruñeko Itzulia irabazi zuen, meritu handiz, Youngi 17 segundo eta Xabier Berasategiri 32 segundo aterata. “Ametsa da, bezperan oso zaila ikusten nuelako” zioen iturmendiarrak pozarren pozez. “Nafarroan kalitatea dago, txirrindularitza taldeak lan ona egiten ari dira. Kalitate handiko lasterketa izan da, eta garaipena hemen geratzea, kanpoko talde oso garrantzitsuak zeudela kontuan hartuta, nabarmentzekoa da” gaineratu zuen.
Aipatzekoa da Tafallako El Caserio Valsay taldean dabilen Jon Gil lakuntzarrak Kiroltasunaren Saria jaso zuela.

Horretaz gain, abuztuaren 29an Dicastillon jokatutako Sari Nagusian txapelduna izan zen Josu Etxeberria.

Alberdi Tafallan eta Arrieta Opakuan, Los Arcosen eta Lakuntzan
Kadeteen mailan ere pozik egoteko arrazoi asko dituzte Lakuntzako Aralar Txirrindularitza klubean. Abuztuaren 12an Tafallan jokatutako lasterketa Aitor Alberdi arbizuarrak irabazi zuen, Quesos Albenizko Hugo Aznarren aurretik. Abuztuaren 19an Opakuako Igoera jokatu zen, kronometratutako proba, eta kadeteetan Intersport Irabiako Igor Arrieta nagusitu zen (20:22), Quesos Albeniz taldeko Iker Mintegiren aurretik (21:26). Hurrengo egunean, bigarren garaipena lortu zuen segidan Igor Arrietak, Los Arcoseko proba irabazi baitzuen, bere taldekide Aitor Alberdiren eta Hugo Aznarren aurretik. Emaitza oso paretsua izan zen Lakuntzako festetan jokatutako 27. Sakana Fundizioa Sari Nagusian: Igor Arrietak merezitako garaipena lortu zuen, Lizarragako Katean sekulako erasoa jo eta txirrindulari guztiak atzean utzi eta gero, eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (1:31:45), 42 segundora Hugo Aznar eta 1:17ra Aitor Alberdi sartu zirela. Mendiko saria ere eraman zuen Igor Arrietak eta etxeko taldea, Aralar klubeko Intersport Irabia, izan zen talderik onena. Lakuntzako probak Nafar Kirol Jolasak erabaki zituen eta Igor Arrieta izan zen txapelduna, baita mendian ere.



Unai Aznar nagusi Legarian eta Obanosen
Burunda Klubeko Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar kadeteak denboraldi bikaina darama. Abuztuaren 11n Legarian jokatutako lasterketan garaipena lortu zuen, Igor Arrietaren aurretik. Eta  igandean Obanosen jokatutako kadeteen eta juniorren mailako lasterketa ere berarendako izan zen, helmugara bakarrik heldu eta gero. Igor Arrieta laugarrena sartu zen, Ailetz Lasa zazpigarrena, Josu Etxeberria 11.a, Iker Mintegi 15.a, Beñat Etxezarreta 19.a, Inhar Astitz 22.a, Jon Gil 24.a, Javier Mitxaus 26.a, Aitor Alberdi 30.a, Imanol Galarza 31.a eta Unai Villalobos 33.a. Quesos Albeniz izan zen talderik onena, Intersport Irabiaren aurretik.

Larunbatean kadeteek eta juniorrek proba dute Lukinen, irailaren 15ean Tafallan eta irailaren 30ean  denboraldiko azken lasterketa, Atarrabian.

Kategoria txikien lasterketa Ziordian
Larunbatean, Ziordiko festetan, kategoria txikiko txirrindularitza proba jokatuko da, 17:00etatik aurrera, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatutakoa.