Urbasa-Andia natur parkea Veneziako Mostra zinema jaialdian

Guaixe 2018ko ira. 7a, 11:25
Urbasan jarri zuten dekoratua.

Urbasako parajeetan filmatutako The Sisters Brothers filma mustu dute Veneziako mostra jaialdian. Donostiako Zinemaldiaren Perlak sailean egonen da ere pelikula. Sakanako figuranteek parte hartu zuten Jacques Audiarden weterm-ean

The Sisters Brothers Ameriketako Estatu Batuetako Oregon estatuan kokatzen da eta Sisters anaien istorioa kontatzen du. Bi anaiak soldatapeko hiltzaileak dira eta enkargu garrantzitsu bat hartu dute. Horretarako Ipar Ameriketan zehar bidaia egingo dute, eta Kanadako parajeak irudikatzeko Jacques Audiard zuzendariak Urbasako natur parkea aukeratu zuen. Joaquin Phoenix eta Jake Gyllenhaal dira filmaren protagonistak, hau da, Sisters anaiak.

Veneziako Mostran mustu dute The Sisters Brothers eta kritika onak jaso ditu. Urrezko lehoia eskuratzeko lehian dago. Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean ere lehiatuko da. Ondoren, Toronto, London, Zurich, Belgika eta Busaneko zinema jaialdietan egonen dira. Irailaren 21ean estreinatuko da zinemetan.

2017ko garilean grabatu zuten eta filmatze lanak Sarasan, Sosan, Ubaban, Ameskoako Limitazio mendian, Lezamenen, Kattaliturrin eta Olliden egin zituzten. Pelikula 1851. urtean kokatzen da eta pantaila handian Urbasako parajeak Kanada bihurtu dira, Jacsonville herrixka, hain zuzen. Horretarako hainbat dekoratu sortu zituzten natur parkean, XIX. mende bukaerako Amerikako Estatu Batuetako mendebaldeko eraikinak, esaterako. Zaldi gaineko eszenak  ere egin zituzten Urbasa-Andian.

Iruñeko eta Altsasuko castingetan aukeratutako makina bat figurantek parte hartu zuten filmazioan. Hautaketa egiteko parte hartzaileek europar aurpegiera izan behar zuten eta gizonezkoen kasuan bizar eta bibote handiak izatea kontuan hartu zuten. Amerikar natiboen profila zutenak ere behar izan zituzten, baita 6 eta 12 urte bitarteko haurrak ere.

Patrick deWitt idazlearen The frères sisters nobelaren egokitzapena da filma. Bertan Amerikako Estatu Batuetako mendebaldea desmitikatzen da. Umorea, abenturak eta pikareska uztartzen ditu pelikulak, eta Jackes Audard zuzendariaren lehenengo westerna da.

Nazioarteko koprodukzioa da: Amerikako Estatu Batuak, Frantzia, Espainia eta Errumaniako ekoiztetxeek parte hartu dute. Madrilgo Meñako film ekoiztetxea izan zen Urbasako filmaziaren arduraduna.

The Sisters Brothers Urbasan grabatu duten azken filma da, baina ez da bakarra. Hala ere, aspaldi ez zuten Urbasa-Andia natur parkea atzerriko pelikula bateko eszenatokia izateko erabiltzen. 1970 ko hamarkadan grabatu zituzten Patton (1970), Cromwell (1970) eta Robin eta Marian (1974) eta lau hamarkada pasa behar izan dira iaz Aurdiaden filma natur parkean grabatzeko.

Urbasa-Andia natur parkean grabatu ondoren Hueskako Pirinioetan, Monegorsetan eta Errumanian grabatu zuten eta Nafarroara etorri aurretik Almeriako Tabernas basamortuan grabatu zuten.