Ezinbesteko liburu baten mende laurdena

Guaixe 2018ko ira. 8a, 09:38

Liburuaren azala.

Rafael Carasatorre Vidaurrek Barranca-Burunda liburua aurkeztu zuen duela 25 urte, 1993ko irailaren 2an. Ikerlariak Sakana eta makina artxibategi ibili ondoren ikertutakoa, jasotakoa, aztertutakoa 561 orrialdetan jaso zuen. Sakana ulertzeko ezinbesteko erreferentzia osatu zuen horrela. Carasatorrek liburuan bertan adierazten zuenez, obraren asmoa da “Arakil ibaiak Aizkorbe eta Ziordia artean zeharkatzen duen lurraldea ulertzen laguntzeko oinarriak ematea”. Liburua bera sakandarrei eskaini zien egileak. Inolako laguntzarik gabe argitaratu zuen liburua.

Liburuaren aurreneko 50 orrialdeetan honakoen berri ematen du: jasotako hizkuntza ekarpenak; erlijioari buruzkoa; Arakil ibarreko despopulatuak; burdina egitea; abeltzaintza, bestelako animaliak eta otsoak harrapatzeko otsaportilloak; bestelako jarduerak; ur-korronteak, baltsak eta iturriak; mugarriak eta mugak eta etxe-izenak. Lana herriz herriko toponimoen zerrendak ixten du.

Liburuaren zati handiena entziklopedia-hiztegi moduan dago. Han euskarazko hitzekin batera toponimoak eta ibarra osatu zuten despopulatuen berri ematen da. Horietako batzuk oraindik ere gaur egun geografian kokatzea falta da, beraz, landa lana egiteko aukera bada oraindik. Hori baitzen bere asmoa etorkizuneko ikerketarako oinarri izatea.

Segida
Carasatorrek historia testuak argitaratzen segitzen du Testos Historicos Navarros blogean. Nafarroako Artxibo Nagusiko eta zenbait udal artxibotako dokumentazioa ari da argitaratzen. Sarrera asko eta asko Sakanako herriei buruzkoak dira.