“Eman like euskarari”

Guaixe 2018ko ira. 7a, 14:20
Kanpainaren aurkezpenean parte hartu zutenak.

Nafarroako Gobernuak eta Sakanako Mankomunitateak helduak euskalduntzera animatu eta euskaltegian izena ematera gonbidatu dituzte. Ibarreko erakundeak diru-laguntzak ematen ditu.

Euskaltegiek ateak ireki dituzte eta, dagoeneko, posible da haietan euskara ikasteko izena ematea. Horri bultzada emateko “Eman Like Euskarari” kanpaina jarri dute abian Nafarroako Gobernuak,  35 toki erakundek, Sakanako Mankomunitatea barne, eta euskaltegi publikoek zein gizarte ekimenekoek. Bigarren urtea da guztiek indarrak batzen dituztela.

Bideo, iragarki eta bestelakoen bidez Nafarroako helduak euskara ikastera edo beren ikaskuntza-prozesuarekin jarraitzera animatu nahi dituzte. Horretarako, bi ezaugarri nagusi kontuan hartuz: batetik, hizkuntzari esker, euskal kulturaz eta giza eta lan harremanez gozatzeko dauden aukerak eta, bestetik, bai euskaltegiek eta bai euskal hiztun eremuek eskaintzen duten laguntza edozein ikaslek bere ikasketak arrakastaz amai ditzan.

Esandakoak
Kanpainaren aurkezpenean Euskarabideako zuzendari Mikel Arregik esan zuenez, “Nafarroako gizarteak errekonozitua du gure hizkuntza, euskara, ezagutzeko eskubidea”. Ziurtatu zuen Euskarabideak “gure erkidego guztian eskubide hori bermatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak” hartzen dituela. Arregik nabarmendu zuenez, “kanpainak islatzen duen moduan, euskarak gazteei etorkizunerako bide berriak zabaltzen dizkie, bai gizarteratzerakoan, bai kulturaz gozatzeko, bai integratzeko”.

Tokiko erakundeen izenean Garesko alkate Oihan Mendok euskara ikasterakoan gizarteak erakusten duen ahalegin pertsonala zein ilusioa nabarmendu zituen. Bestetik, toki erakundeek diru-laguntzen bitartez, euskararekiko duten konpromisoa azpimarratu zuen, “euskaltegietan euskara ikasi nahi duten ikasleen matrikula eskuragarriagoa egiteko”. Azkenik, Barañaingo Sahats-Ika euskararen irakaskuntzarako zentroko zuzendari Ascen Argandoña Martinezek gizarte ekimeneko zentroen lana aipatu du, “erraztu egin behar zaio bidea nafar guztion hizkuntza ikasi nahi duen helduari”.

www.euskaraikasi.nafarroa.eus
Webgunean gainera euskara ikasteko dauden zentroen eskaintza jasotzen da, baita euskara ikastaroetan izena ematen dutenek jaso ditzaketen laguntzen berri ere. Jakina, kanpainaren berri ere bada bertan.

012 telefonoa
Irailean doako telefonoaren bitartez helduek Nafarroa osoan euskara ikasteko dituzten aukeren berri eskainiko da 08:00etatik 19:00etara bitartean.

% 7,5eko hazkundea
2017-2018 ikasturtearekin alderatuta 2018-2019 ikasturtean 5.931 pertsonak eman zuten izena Nafarroako euskaltegietan.