Urteetan aurrera egiten ari garenok arrakasta handiko programa ezagutu genuen bere garaian Estatuko Telebistan: La Unión hace la fuerza. Indarrak batzeak dakartzan abantaila eta ondorioak oso ongi egiaztatzen zituen programa arrakastatsua zen. Gaur egun, gizarte lehiakor honetan, premiazkoagoa egiten zaigu indar metaketa hau. Bizi-beharrak inposatzen dizkigun zailtasun eta erronkak, elkartuta, nekez gaindituko ditugu; inola ere ez bananduta.
Batasunean oinarritzen da, gaur egun, jubilatuok daramagun borroka eta batasunak erabakiko du gure aldarrikapenen lorpena. Sakanako jubilatuok ere jabetu gara dinamika honetaz eta hor jarraitzen dugu, xumeki, gure astelehenetako kontzentrazioekin, elkarren arrimuan eta, uda garaiko eragozpen guztiak gaindituz, 50-70 bitarteko jubilatu kopurua elkartzen gara eta jubilatuekin zer ikusia duen informazioa zabaldu eta banatzen dugu. Plataforma 22f, Pentsionistak Martxan (PM) eta Sasoia gara elkarlanerako bateratu garenak; arazo berberak, helburu berberak ditugunez, borroka positiboa izatekotan, bat egin beharra daukagu.
Hauek dira, behin eta berriz eta etsipenean erori gabe, exijitzen ditugun helburuak: 1.080 euroko pentsio minimoa; 2011 eta 2013ko pentsioen erreforma eta erreforma Laborala indargabetzea; eros-ahalmena berreskuratzea; Kontsumoko Prezioen Indizearekin (KPI) automatikoki handitzea pentsioen balioa; gizon-emakumeen artean dauden aldeak ezabatzeko neurri eraginkorrak hartzea; eta aldarrikapen, exigentzia hauek denak berma ditzakeen Pentsioen Sistema Publikoa blindatzea.
Hurrengo erronka nagusia urriaren 1ean, Adinekoen Nazioarteko Egunean, Euskal Herriko kaleak adineko jendez betetzea izango da. Eman dizkiguten ogi apurrekin ez gaude ados eta uda garaian erdizka mantendu dugun erantzuna berrindartu eta dena emateko erabakia hartuta dago. Adi egon Sakanako Plataforma 22f, PM eta SASOIak helaraziko dizkizueten mezuei.