Biurdana institutuan tokia egiten ari dira

Guaixe 2018ko ira. 7a, 10:08
Gobernuko ordezkariak Iruñeko Iparralde institutuko lanak bisitatu zituzten.

Iparralde institutu berria eraikitzearekin DBHko ikasle guztiak ikastetxean daude, Batxilergokoak kanpoan.

Irurtzungo Atakondoa eskola publikoan DBH 2. mailara arteko ikasketak egiten dituzte ikasleek. Derrigorrezko ikasketekin segitzeko ikasleek Iruñera joan behar dute, euskaraz egin nahi dutenen kasuan Biurdana institutura. Guztira 41 ikasle daude ikasturte honetan, gaur hasiko dutenak kurtsoa. Aurreko kurtsoetan Biurdanan makina bat arazo izan dituzte espazioarekin. Ikastetxeak 250 ikaslerendako tokia du eta 600dik gora hartu izan ditu. Horrek makina bat egokitzapen egitea eta ikasle batzuk Donibane institutura joan behar izatea ekarri zuen.

Nafarroako Gobernuak masifikazio arazoari konponbidea emateko Iruñeko Sanduzelai auzoan DBHrako Iparralde institutua eraiki du. Biurdana institutuko zuzendari Javier Perez Garciak azaldu digunez, hainbat eskoletako ikasleak hara joan dira DBHko 1. maila egitera eta DBHko 2. maila egin behar zutenei batera edo bestera joateko aukera eman zitzaien eta “asko Iparraldera joan dira, dexenteko jaitsiera izan da”. Ondorioz, Biurdana institutuak DBHko ikasle guztiendako espazioa du. Baina Batxilergoko ikasleak kanpoan daude, Donibane institutuan.

Perezek azaldu digunez, espazioaren arazoa konpontzea “urtez urte matrikulazioaren arabera eginen da. Heldu den urtean 3. mailako matrikulazioa jaitsiko da. DBHn taldeak galduko ditugu. Baina Iparralde institutuan ez da Batxilergorik emanen. Beraz, matrikulazioaren garapena ikusi beharko da. Ikusi beharko da ikasleek Batxilergoa, Lanbide Heziketa edo Arte-batxilergoa aukeratzen duten”. Hiruzpalau urtetako prozesua aurreikusten du.

Eskaera
Atakondoa ikastetxeko komunitate osoaren aspaldiko eskaera da DBH osoa Irurtzunen izatea. Ikastetxea handitzea edo berria egitea eskatu dute. Lur saila ere prest du Irurtzungo Udalak. Horrek masifikazio arazoak ekiditeko balioko lukeela gaztigatu dute behin eta berriz. Eta gaineratu dute ikasleak Irurtzunen 16 urtera arte eskolatzeak kuadrillak sendotzea ekarriko lukeela eta, ondorioz, eskualdeko gazteek harremanak bertan sendotuko lituzkete, ondorioz bertako harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartuz.

Hezkuntza Departamentuak ez dio eskaera horri erantzun, bai, ordea, 2010-2011 ikasturtetik Atakondoak duen espazio faltari. Moduluetan lau gela dituzte eta ikastetxean espazioak egokituz gelak sortu zituzten. Garilaz geroztik Ardubil kalean Lehen Hezkuntzako sei gela izanen dituen eraikin berria egiten ari da departamentua. Lanek azaro akaberarako despedituta izan behar dute.