Nafarroako Gobernuak Altsasun duen enplegu bulegoa alokatutako eraikin batean dago eta urtero 47.000 euro inguru pagatzen ditu horregatik. Foru administrazioak eraikin propioak izanik, bulegoa kamineroena izan zen eraikinetako batera aldatzea erabaki du. 679.541,72 euroko inbertsioa eginen du gobernuak (300.000 euro inguru aurten eta 385.000 euro heldu den urtean). Gobernuak lanak aurki emanen ditu.
Arqyme Barricarte y San Romanek egin dute bulego berriaren proiektua. Beheko solairuak 183,35 m2 izanen ditu: SEPErendako gunea (22,3 m2 eta beste 18 m2 itxarote-eremurako), Nafar Lansareren gunea (37 m2 bulegorako, eta 18 m2 itxarote-eremurako). Gainera, komuna, atariak, erabilera anitzetarako gela bat, areto bat, bi zuzendaritza-bulego eta orientatzaile batendako beste bulego bat.
Lehenengo solairuak 188 m2 inguru izanen ditu, eta gune hauek: itxarote-eremua, bi bilera-gela, trebakuntza-gela bat, artxiboa eta biltegia, eta bi bulego. Bigarren solairua libre geratuko da, etorkizunean zabalkuntzak egin behar badira. Wifi gunea izanen da izapideak online egiteko.