Nafarroako Kopako finala, Altsasun: Osasuna Magna vs Ribera Navarra

Guaixe 2018ko ira. 7a, 12:06
Osasuna Magnakoak, aurtengo ekipazioaren aurkezpenean.

Irailaren 7an jokatuko da, ostiralean, 19:30ean, Zelandi kiroldegian

Altsasuko Zelandi Kiroldegian puntako areto futbolaz gozatzeko aukera izango da gaur, ostiralean. Izan ere, Espainiako Areto Futbol Txapelketako lehen mailan aritzen diren bi talde nafarrek, Osasuna Magna talde irurtzundarrak eta Ribera de Navarra talde tuterarrak, lortu dute Nafarroako Areto Futbol Koparako sailkatzea, eta finala Altsasuk hartuko du, gaur, 19:30ean. Bi taldeek irailaren 14tik 16ra bitarteko asteburuan ekingo diote ligari eta ostiraleko Kopako finalera dena ematera aterako dira.

Nafarroako Kopako titulua da jokoan dagoena. Osasuna Magnak finalerdian Tafatrans taldea bidean utzi zuen, 1 eta 4 irabazita Araça, Roberto Martil, Irribarren eta Rafa Usinek sartutako golei esker. Gauza bera egin zuen Ribera de Navarrak San Juan FS taldearen kontra. Horrela, areto futboleko maila gorenean dabiltzan bi taldeak elkarren kontra ikusteko aukera izango dugu gaur Zelandin. Aprobetxatu beharrekoa.

Nafarroako Kopako finalaren aurkezpena aurreko asteartean egin zuen Nafarroako Futbol Federazioak, tartean Altsasuko alkate Javier Ollo bertan zela. Federazioko presidente Rafa del Amok Altsasuko Udalaren inplikazioa eskertu zuen. “Altsasun ez dago areto futboleko talderik eta Kopako finala bertan jokatzearekin keinu bat egiten diegu, ea bertan talderen bat sor daitekeen” aipatu zuen del Amok.

Emakumezkoena, bihar
Emakumezkoen Nafarroako Kopako finala bihar jokatuko da, larunbatean, 19:00etan, Mutiloako Arangurengo Bailara pabilioian. UDC Txantreak eta Orbina Kirol Elkarteak jokatuko dute preziatutako finala.

Roberto Martil izango da Osasuna Magnako kapitaina
Javi Eseverri Osasuna Magnako kapitain mitikoak erretiroa hartu du 23 urtez talde berdeko kapitaina izan ondoren. Bere falta asko sumatuko du taldeak, baina hura ordezkatzeko lan egiten ari da taldea. Dagoeneko kapitain berria du taldeak, Roberto Martil irurtzundarra. Taldea batua izatea eta taldea ordezkatzea izango da bere egitekoa. Martilekin batera, Araçak eta Rafa Usinek ere kapitain lanak egingo dituzte.

Osasuna Magnak etxeko lan garrantzitsuak egin ditu azken hilabete honetan. Batetik, Alex Diz eta Juninho jokalari berrien aurkezpena egin zuten Tatono Arregi presidenteak eta Imanol Arregi entrenatzaileak. Azken honek adierazi zuenez, fitxaketa berriekin “kontentu” dago. “Nahi izan genuen esperientzia duen atzelari bat fitxatzea, Juninhoren egokitzapenean laguntzeko, eta izan ditugu fitxaketak egiteko bizpahiru aukera, baina diru kontuengatik ezin izan da, baina uste dut Araça taldekide izanda Juninho ongi trebatuko dela, proiekzio handiko jokalaria baita. Rafa Usin eta Eric Martel jokalariak gurekin mantendu izana udako albisterik onenetakoa da guretako, gainontzekoen jarraipenarekin batera. Eta Eseverriren baja nabarituko dugu, baina gainontzekoek aurrerapausua egiteko aukera emango du horrek” gaineratu zuen teknikariak.

Bulegoko beste lan garrantzitsua Magnesitas de Navarra enpresa babeslearekin beste urte baterako kontratua berritzea izan da. Horrela, Osasuna Magna izenarekin lehiatuko da irailaren 14an hasiko den denboraldian talde berdea. Denboraldi berrirako ekipazioak Magnesitas de Navarrako Asturreta harrobietan aurkeztu zituen taldeak, Eugin. Lehen ekipazioa berdea izango da eta bigarrena gorria, Osasunaren kolorea. Atezainek, aldiz, kolore berdeaz eta gorriaz gain, beltza eta horia ere erabili ahal izango dituzte.

Bestalde, aurre denboraldiko lagunarteko partidetan txukun ibili da Imanol Arregiren taldea. 2. mailako Atletico Benaventeri 12 eta 1 irabazi zion Osasuna Magnak, gero 2 eta 1 galdu zuen Peñiscolaren kontra eta atzera ere garaipenaren xendara itzuli zen talde berdea, Segovia Futsali 3 eta 2 irabazi eta gero. Movistar Inter talde ahaltsuaren kontra ere sorpresa ematekotan izan ziren nafarrak, baina, azken segundotan 3 eta 2 galdu zuen Osasuna Magnak. Eta asteartean, Peñiscolari 3 eta 1 irabazi zioten Noainen jokatutako partidan. Gaur, ostiralean, Nafarroako Kopako finalean Ribera Navarra talde tuterarra garaitu nahi dute berdeek, kopa Irurtzunera eramateko.