Lagun Artea eta Altsasu: erregionaleko denboraldia hasi da

Guaixe 2018ko ira. 7a, 10:17

2018/2019 denboraldiko lehen jardunaldian, Beti Kozkorren kontra ariko da Lagun Artea Lekunberrin eta Gazte Berriaken kontra Altsasu, Antsoainen

Erregional mailako 2018/2019 denboraldia asteburu honetan hasiko da. Bi talde sakandar izango ditugu lehian, Altsasu eta Lagun Artea. Lakuntzako taldea preferente mailatik erregionalera jaitsi zen aurreko denboraldian eta, hortaz, maila berrian ariko da. Altsasuk, ordea, makina bat denboraldi daramatza erregionalean.

Asteburu honetan jarriko da martxan erregional mailako denboraldi berria. Lehen multzoan, Lagun Arteak Lekunberrin jokatuko du Beti Kozkor taldearen kontra. Aldiz, Antsoainen ariko da Altsasu, Gazte Berriak taldearen kontra. Talde sakandarrek hasiera ona eman nahi diote ligari, helburua ahalik eta goienean egotea baita, igoera faserako sailkatu ahal izateko. Aipatu bi talde sakandarrekin batera Aurrera, San Ignacio, Berriozar, Liceo Monjardin, Beti Kozkor, Iruña B, Ardoi B, Gazte Berriak, Salesianos eta Lagunak B lehiatuko dira erregional mailako I. multzoan.

Aldiz, preferente mailako denboraldia aste bat geroago hasiko da, irailaren 16ko asteburuan. Bertan lehiatuko da Etxarri Aranatz, maila horretako talde sakandar bakarra. Etxarriarrek San Jorgeren kontra jokatuko dute denboraldiko lehen partida, etxean.

Etxarri IMQ Kopan
IMQ Kopan 12 multzotan banatuta dabiltza lehian, eta tartean Etxarri Aranatz parte hartzen ari da. Orain, Kopako bi jardunaldi jokatu dira. Lehendabizikoan Etxarri Aranatzek 3 eta 2 irabazi zion Gazte Berriak taldeari, Darlingek, Perkazek eta Asierrek sartutako golekin. Eta, larunbatean, Arrotxapearekin bina berdindu zuen Etxarrik. Izugarrizko beroa zegoelajokatu zuten bi taldeek eta arbitroak partida gelditu behar izan zuen jokalariek ura edan zezaten. Arrotxapea aurreratu zen, baina Etxarrik buelta eman zion partidari, Aitorrek eta Xabatek sartutako golekin. Tamalez, Arrotxapeak berdintzea lortu zuen azken minutuan. Hurrengo jardunaldia azaroaren lehenean jokatuko da.