Etxeberria, Lasa, Maiza eta Irastorza Espainiako Txapelketetan

Guaixe 2018ko ira. 10a, 12:57

Ostiraletik igandera junior eta master mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren eta juniorren mailan lan oso txukuna egin zuten lau ordezkari sakandar izan genituen

Ostiraletik igandera bitartean juniorren eta masterren Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Sorian. Nafarroako juniorren selekzioan aritzeko hainbat txirrindulari sakandar hautatu zituen selekzionatzaileak, gizonezkoetan Josu Etxeberria iturmendiarra eta Ailetz Lasa ziordiarra eta emakumezkoetan Leire Maiza etxarriarra eta Joana Irastorza etxarriarra hain zuzen ere.

Lehenik eta behin juniorrek 18,7 kilometroko erlojupekoari egin behar izan zioten aurre. Gizonezkoetan Andaluziako Carlos Rodriguez izan zen txapelduna (25:46). Josu Etxeberria 14.a sailkatu zen (27:18) eta Ailetz Lasa 18.a (27:56). Emakumezkoetan Gaztela eta Leongo Lorena de la Fuente izan zen Espainiako txapelduna (30:27). Leire Maiza 25.a sailkatu zen (35:23) eta Joana Irastorza 28.a (36:57).

Igandean gizonezko juniorrek 123,7 km-ko lasterketa jokatu zuten. Euskadi selekzioko Jon Barrenetxeak sekulako ikuskizuna eman zuen eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (3:10:45). Ailetz Lasa 12.a sartu zen eta Josu Etxeberria 14.a, biak 2 segundora. Eta Javier Mitxaus 50.a sailkatu zen, 1:12ra. Emakumezkoek, bere aldetik, 77,1 km-ko proba izan zuten jokoan, Katalunyako selekzioko Maria Banllesek irabazi zuena (2:12:53). Kataluniarrak 20 segundo atera zizkion Euskadiko selekzioko Garazi Erostarberi. Leire Maiza 25.a sailkatu zen, 2:24ra, eta Joana Irastorzak ez zuen puntuatzerik izan.