Lagun Arteak eta Altsasuk irabaziz ekin diote ligari

Guaixe 2018ko ira. 10a, 14:10
Lagun Arteakoak, lagunarteko partida batean.

Erregional maila. 1. multzoa. 1. jardunaldia: Beti Kozkor – Lagun artea 2 / Gazte Berriak 0 – Altsasu 2

Asteburuan hasi zen Nafarroako Futbol Federazioko Erregional Mailako 2018/2019 denboraldia. Aurreko urtean preferente mailatik erregionalera jaitsi zen Lakuntzako Lagun Artea eta azken denboraldiak erregionalean daramatzan Altsasu dira maila honetan lehiatzen ari diren talde sakandarrak. Eta bikain hasi dute denboraldia, biek garaipen garrantzitsuak lortu baitzituzten.

Lagun Arteak Lekunberrin jokatu zuen Beti Kozkor B taldearen kontra. Partida oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek. Beti Kozkor jokoa agintzen saiatu zen, baina Lagun Arteak, ofizio askorekin, euren nahiak zapuztu zituen. 27. minutuan Jonatanek lakuntzarren lehen gola sartu zuen, eta atsedenaldia baino lehen bigarrena sartu zuen Unaik. Bigarren zatian ere saiakerak izan ziren baina markagailua ez zen mugitu eta 0 eta 2 irabazita abiatu zen Lagun Artea Lakuntzara.

Bestalde, Antsoainen jokatutako lehian, garaipen polita lortu zuen Altsasuk Gazte Berriak taldearen kontra. Zelaira gogo gehiagorekin atera ziren altsasuarrak eta 15. minutuan zuzeneko falta baten jaurtiketari esker Christianek Altsasu aurreratu zuen. Bost minutura bigarrena sartu zuen Imanolek. Gazte Berriak taldeak ez zuen etsi eta ongi aritu ziren, baina sortutako gol aukerek ez zuten emaitza onik izan. Altsasuk, bere aldetik, ongi defendatzen jakin zuen eta gorritxoak 0 eta 2 irabazita itzuli ziren etxera.

Lagunak B taldea da erregional mailako lehen multzoko liderra, 3 punturekin. Lagun Artea hirugarrena da, puntu berberekin, eta Altsasu laugarrena, puntu berberekin. Asteburuan Lagun Arteak Gazte Berriak (10.a) taldea hartuko du Zelai Berrin eta Altsasu Iruña B (11.a) taldearen kontra ariko da Dantzalekun.

Preferentean Etxarrik asteburuan ekingo dio ligari
Preferente mailako 2018/2019 denboraldia asteburuan hasiko da. Etxarri Aranatz izango da gure ordezkari bakarra maila horretan. Etxean hasiko du liga Etxarrik, eta San Jorge taldea hartuko du San Donato zelaian. Etxarrirekin batera, San Jorge, Castillo Tiebas, Itaroa Huarte B, Lagunak, Aibares, Ilunberri, Pamplona B, Beriain, Amigo, Lezkairu, Burlades B, Arrotxapea, Doneztebe, Mutilbera B eta Artajones ariko dira erregional mailako lehen multzoan.